Estera Zilberbergen "helduleku askoko" bizitza aletu dute

Andoni Elduaien

Bi adituak Zilberbergen inguruko hitzaldia ematen, atzo, Elkargunean. (Andoni Elduaien)

Aitzol Arroyo ikerlariak eta Aitor Azurki kazetariak Estera Zilberberg Estoucha. Boluntario internazionalistak Azkoitian (1936) izeneko hitzaldia eman dute Elkargunean. Zilberbergen dokumentazioa eta hari buruzko testigantzak azaldu dituzte. 

Espainiako gerrak iraun zuen bitartean Gipuzkoan izan ziren borrokalari internazionalisten presentzia eta egitekoa ikertu dituzte Aitzol Arroyo ikerlariak eta Aitor Azurki kazetariak, eta Azkoitian izan ziren biak atzo, osteguna, Estera Zilberberg Estoucha. Boluntario internazionalistak Azkoitian (1936) izeneko hitzaldia ematen. 18:30ean eskaini zuten solasaldia, Elkargunean, eta Zilberbergen dokumentazioa eta hari buruzko testigantzak azaldu zituzten bertan. 

Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak antolatu zuen saioa, eta erakundearen hitzetan, dokumentatuta dago Estera Zilberberg Estoucha boluntario internazionalista Azkoitian izan zela 36ko gerraren hasieran. Izan ere, Belgikako gazte antifaxistek boluntarioak bidaltzea erabaki zuten faxistei aurre egiteko, eta horietako bat izan zen Zilberberg. Udalaren arabera, Polonian jaioa, judua eta komunista zen, eta 1936ko abuztuan Hendaiara (Lapurdi) iritsi zen. 

Udalaren hitzetan, Durangoko bonbardaketaren lekuko izan zen, eta Legutioko batailan zauritu zuten. "[Espainiako] Estatu mailan, metrailadorea erabili zuten bi emakumeetako bat izan zen”, egin du zehaztapena. Erizain gisa egiten zuen lan, eta Mujeres astekarian idazten zuen Juanita Lefevre ezizenarekin. Errepublikazaleekin kolaboratzen zuten Errusiako aholkulari militarren itzultzaile gisa ere ibili zen; hain zuzen, errusiarrek Frantziara bidali zuten identitate faltsuarekin, baina torturatua eta atxilotua izan zen. Handik, Alemaniako Ravensbruck eta Austriako Mauthauseneko kontzentrazio esparruetara deportatu zuten. Askatu zutenean, Frantzian bizi izan zen hil arte. Haren "helduleku askoko" bizitza aletu zuten atzoko saioan. 

Zenbait lagun hitzaldia entzuten Elkargunean. (A.E.)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide