Foruei keinu egingo dien plaza eske

Andoni Elduaien

Modesto Larrañaga, eliz atariaren egungo izena ageri den plakaren azpian. (Andoni Elduaien)

Modesto Larrañagaren ekimenez, eliz atariari Foruen Plaza izena emateko eskaera erregistratu dute udaletxean.

Foruei gorazarre egingo dien izenen bat Azkoitiko kale izendegian jasota ikusi nahi du Modesto Larrañagak (Azkoitia, 1967). Andremarietan hasi zen hura gaia gizarteratzen, eliz atarian jarri zuen informazio puntuan. Herriko festetan egon zen gune horri berari Foruen Plaza izena eman nahi dio Larrañagak, eta orduan bildutako hainbat sinadurarekin batera, udaletxean erregistratu du eskaera. 

Lau egunez egon zen azkoitiarra sinadurak biltzen, eliz atariko iragarki taularen parean jarri zuen informazio puntuan. "Eskaera zein zen azaltzen nien handik igarotzen ziren herritarrei. Halere, gaiarekin lotura zuten prentsako artikuluen irudiak ere zintzilikatu nituen. Ez nuen kanpaina potoloa edo mardula egiterik nahi izan; esaterako, tabernetara-eta ez nuen sinadurak biltzeko orririk zabaldu. Eliz ataritik igarotzen zirenei azaltzen nizkien eskaeraren nondik norakoak". Bere kabuz ekin zion Larrañagak izen aldaketaren kontua kudeatzeari; argi utzi du ez duela "inolako talderik edo elkarterik" ordezkatzen. Halere, prozedura bakarrik landu beharrean, eta udaletxean idatzia nahiz eskaria bere izenean bakarrik aurkeztu beharrean, proposamena herriari zabaltzea erabaki zuen. "Pentsatu nuen bazitekeela herrian nire proposamenarekin bat egiten duen jende gehiago aurkitzea, eta horregatik atera nitzen kalera sinadurak biltzera". 

Foruen Plaza izena ematea nahi du Larrañagak Azkoitiko eliz atariari

Aurten, 150 urte betetzen dira Espainiako Gorteek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztenetik; 1876an jazo zen gertakari historikoa. Urteurren hori tarteko, uztailean ekitaldi instituzionala egin zuten Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariek, Bergaran (Gipuzkoa); gutxi gorabehera, Euskal Herriko 200 bat ordezkari elkartu ziren. Bergarako ekitaldi hura baliatu zuten, era berean, Bergarako Alkateen Mugimenduko kideak 1976an herri horretan elkartu zirenetik 50 urte igaro direla gogoratzeko. 1976an, frankismoaren azken urteetan murgilduta zegoen euskal gizartea, eta horren harira, Euskal Herriko hainbat alkate elkartu ziren Bergaran. 

Pauso bat aurrera

Bi mugarri historiko horiek aintza hartuta, Larrañagak bere baitan egindako hausnarketa elkarbanatu nahi izan du. "Bergaran egin zen ekitaldiaren modukoak oso interesgarriak dira, baina denborarekin, ahanzturan gelditzen dira. Ehun urte barru, akaso, berriro egingo dute ekitaldiren bat, urteurren borobilen bat probestuz, baina kito". Gorazarre keinu horietatik haratago jotzea erabaki zuen orduan azkoitiarrak, Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei herriko txokoren bati Foruen Plaza izena ematea proposatuz. "Azkoitiko eliz atariari Foruen Plaza izena ematea proposatu diet, foruen kontua oroitzapen hutsalean gelditu beharrean, modu fisikoan, herritarrek eliz ataria Foruen Plaza izenez ikusteko modua izan dezaten", azaldu du proposamena. Larrañagak dio "garrantzi handia" ematen diola foruen abolizioaren kontuari, iraganeko pasadizo bat izan arren, etorkizunera begirako "argi printza bat" ere badela irizten baitio. "Ez dut iraganera edota erregimen zaharrera bueltatzea eskatzen, baina etorkizunera begira Euskal Herrian ditugun erronkak zein diren ikusita, garrantzitsua deritzot nondik gatozen azaltzeko nonbaiten fokua jartzea". 

Andremarietan sinadurak bildu zituen, udaletxean entregatzeko

Proposamenaren sustatzaileak argi du Foruen Plaza izena eliz atariari eman nahi diola; ez luke nahi izen hori "edozein kaleri" ematea. "Ez dut nahi izena herriaren periferian dagoen leku edo kale bati ematea". Haren iritziz, herriaren erdigunean zabalgune bezala identifikatu daitezkeen "hiru gune nagusi" daude: herriko plaza, Balda plaza eta eliz ataria. "Herriko plaza eta Balda plaza herritarrok haiei deitzen diegun moduan daude jasota ofizialki. Ordea, eliz atariari eliz ataixe deitzen diogu, nahiz eta bere izen ofiziala Jesusen Bihotz Dohatsuaren Plaza den". Izen hori egun plaka batean jasota dagoen arren, "ez da azkoitiarrengan txertatuta gelditu", Larrañagaren esanetan, azkoitiarrek eliz ataixe deitzen diote eta. "Horregatik, Foruen Plaza izena jartzea proposatzeko gunerik onena eliz ataria da. Badakit plaza horri Foruen Plaza izena emanda ere jendeak eliz atariari eliz ataxe deitzen jarraituko diola, baina Foruen Plaza izena jarriz gero plaka batean, ikusgarri, ondo legoke, duen balio historikoa aintzat hartuta". 

Azkoitiko eliz ataria ez da memoria leku bat, hori garbi du Larrañagak, eta gainera, eliz atariari izena aldatzeko proposamena egin duen herritarrak ez du nahi izen aldaketarekin eliz ataria memoria gune bihurtzerik. Dena den, uste du etorkizunean eliz atarian egin daitezkeen ekitaldietan zein deialdietan, udal agendan edota hedabideetan ekitaldiaren lekutzat Foruen Plaza aipatzeak "foruen memoriak azkoitiarrengan lekua" hartzea ahalbidetuko lukeela. Aldi berean, azkoitiarrak uste du eliz atariari izen berria emateak ez duela zertan "korapilatsua" edo "gatazkatsua" izan. "Eliz atariaren balizko izen aldaketak sortu ditzakeen buruhausteek oso herritar gutxiri eragingo liekete, ez baitira asko bebarrua edo helbidea plaza horretan dutenak". 

Itxaropena badu

Eskaria eta idatzia udaletxean erregistratuta, Larrañaga "gustura" azaldu da egindako bidearekin eta herritarrek egindako harrerarekin. Orain, udalak proposamena aintzat hartzea nahi du. "Ez dakit udalak halako kasuetan zer prozedura jarraitzen duen. Pentsatzen dut udaletxean bertan jakingo dutela halako gaiez hitz egiteko eta eztabaidatzeko batzorderik egokiena zein den. Poztuko ninduke Azkoitiko Udalak foruen abolizioaren eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren kontuarekin bat egiten duela ikusteak". EAJko Ana Azkoitia alkateak eta EH Bilduko Asier Altunak adierazpen bateratua argitaratu zuten Bergarako hitzorduaren aurretik, eta gainera, biak izan ziren Bergaran egindako ekitaldian. Horregatik, Larrañagak badu udalak gaia aztertuko duen itxaropena. "Udal talde horientzat ez da berria gaia, eta ea urrats bat gehiago egitera animatzen diren".

Euskal Herriko herri gehienek dute foruei lotutako guneren bat izendatuta

Larrañagak dio Euskal Herriko hiri eta herri askotan daudela foruei aipamena egiten dieten plazak, kaleak edota ibiltokiak. "Herri askotan dago izen hori jasota; Azkoitia ez litzateke izango bere plaza edo kale bati halako izena jartzen dion lehen herria izango. Kontrara, baliogabetu zizkiguten foruei erreferentzia egiten dion lekurik gabe jarraitzen dugu herrian, Gernikako Estatutuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoa eratu eta 47 urtera". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide