Haurren babeserako Unicefek egiten duen lana ezagutu daiteke Elkargunean

Andoni Elduaien

Unicefek jaritako panelak ikus daitezke Elkagunean. (Andoni Elduaien)

Mundu mailan haurrek egiten dituzten lanak azaleratzea du xede Unicefek Elkarguneko Herriko Plaza aretoan jarri duten erakusketaren bidez. Urriaren 4ra bitartean, egunero zabalduko dute Elkarguneko areto hori, 17:00etatik 19:00etara.

Unicef Euskadik Haurren Babesa izeneko erakusketa zabaldu du gaur, asteazkena, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Urriaren 4ra bitartean egongo da zabalik herritarrak haurren eta nerabeen eskubideen inguruan sentsibilizatzea helburu duen erakusketa. Hain justu, haurrek egiten dituzten lanak azaleratzea du xede Unicef Euskadik, mundu osoko "milioika haurri eragiten dien errealitatea" baita hori, erakunde horen arabera.

Udala garatzen ari den Tratu On egitasmoaren barruan kokatu dute erakusketa, eta urriaren 4ra arte, 17:00etatik 19:00etara zabalduko dute egunero. Unicefek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin Boli Kostan gauzatzen ari den proiektuaren parte ere bada erakusketa; izan ere, haurren esplotazioa, abusua eta eskubideen urraketa aztertzen ari dira herrialde horretan. "Boli Kostako haurren eta nerabeen egoerari arreta berezia eskaintzeaz gain, Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan eta munduan haurrentzako ingurune seguruak eta babestuak eraikitzeko beharraen inguruko hausnarketa eskaintzen du erakusketak", azaldu dute arduradunek.

Unicefek emandako datuen arabera, urtero 1.000 milioi haur eta nerabe baino gehiagok pairatzen dute indarkeria motaren bat munduan. Gainera, 138 milioi ume daude haurren lanean harrapatuta, eta 54 milioi inguruk lan arriskutsuak egiten dituzte, beren osasuna, segurtasuna eta garapena arriskuan jarriz. "Boli Kostan, 5 eta 17 urte arteko haurren %31k egiten du lan, hau da, 2,3 milioi adingabe inguruk. Erakusketak azaltzen du pobrezia estrukturalak, babes sozialerako oinarrizko zerbitzuen faltak, hezkuntzako aukerak mugatuak izateak, genero desberdintasunak eta zenbait rol tradizionalek egoera hori betikotzen laguntzen dutela", esan dute.

Boli Kostako zenbait haur, lanean. (Unicef Euskadi)

Kakaoa errealitatearen erdigunean

Erakunde horrek kontatu du, Boli Kostaren kasuan, kakaoa dagoela umeen lanaren errealitateren erdigunean –herrialde horretan produzitzen da munduko kakaoaren %40 inguru–. Ehunka milaka haurrek lan egiten dute sektore horretan, askotan egoera arriskutsuan. Joseba Madariaga Unicef Euskadiko presidentearen esanetan, erakusketak Unicefek "defendatzen duen ideia" jarri nahi du lehen lerroan: "Eskubide urraketak prebenitu daitezke. Unicefen haurren eskubideen ikuspegi integralarekin lan egiten dugu, prebentzioa, sistema publikoaren sustapena, hezkuntza, babes soziala eta lan komunitarioa lehenetsiz. Izan ere, haurtzaroa babestea ez da kaltea eginda dagoenean bakarrik esku hartzea, baizik eta hori gertatzea saihestea", adierazi du Madariagak. Hori hala, erakundeak haurrak babesteko duen estrategia zein den ere ezagutu ahal izango dute herritarrek Elkarguneko erakusketan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide