Udara Caixabank pilota txapelketaren partidak jokatuko dituzte Gurean

Ane Olaizola

Ados Pilotak joan zen uztailean hasi zuen txapelketa, eta haren barruko jardunaldia izango da igandean Azkoitian jokatuko dutena. Bi partida izango dira ikusgai. 

Ados Pilota klubak antolatutako III. Udara Caixabank pilota txapelketaren barruan eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte datorren igandean Gurea pilotalekuan. 11:30ean hasiko da aurreneko neurketa, eta Iturriaga-Arrastia eta Gomez-Ruiz pilotariak arituko dira nor baino nor. Bigarrenean, berriz, Oskoz-Perez eta Aldaregia-Mendiburu bikoteak lehiatuko dira. 

Joan zen uztailaren 16an hasi zuten pilotariek txapelketa Uztarrozen (Nafarroa), eta guztira, sei bikotek parte hartu dute. Sailkapeneko aurreneko bi postuak lortzen dituztenek urriaren 3an jokatuko dute finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Antolatzaileen arabera, txapelketa indarra hartzen ari da azken urteetan, eta "erreferente" bihurtu da. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide