Datorren asteburuko zine programazioaren berri eman du Baztartxok, eta datozen egunetan hiru film ikusteko aukera izango dute zaleek: Toy story 5, El ser querido eta Resurrection; azken hori Matadeixe zinetogram taldeak antolatutako zineforum saioa izango da. Larunbatean ez da emanaldirik izango, Pijama para seis antzezlana taularatuko baitute.
Toy story 5 animaziozko filma igande arratsaldean emango dute, 17:00etan, umeen ordutegian. Toy story sagaren film berrian, jostailu tradizionalek erronka berri eta handi bati egin behar diote aurre: Bonnie protagonistaren arreta osoa bereganatu duten teknologiaren eta gailu digitalen aurka lehiatu behar dute.
El ser querido filma, berriz, igandean eta astelehenean —ikuslearen eguna— eskainiko dute, 19:30ean eta 20:00etan, hurrenez hurren. Esteban Martinez izeneko zine zuzendaria da hango protagonista. Sona handia du hark, bai egindako filmengatik, baita bortxak eta gehiegikeriek eragindako iraganagatik ere. Bere film berrirako, Emilia alabari rol bat eskaintzen dio, bere aktore ibilbidean laguntzeko asmoz. Laneko elkarbizitza berriak aukera emango die bien arteko distantzia txikitzeko, baina baita oraindik orbaindu gabeko zauri zaharrak berriz irekitzeko ere.
Bestalde, Resurrection filma datorren asteartean eskainiko dute, 20:00etan. Drama eta zientzia fikzioa uztartzen diren filmak honako argumentua du: gizakiak amets egiteko gaitasuna galdu du, edo amets egiteak bizitza kosta dezake. Gizarte horretan, izaki batek mundu onirikoaren ilusioak gordetzen ditu.