Azkoitiko Udalak denboraldi berriko aurreneko antzerki emanaldia antolatu du etzirako, eta ikuslearen eta kritikaren "arrakasta" lortu duen korapilozko komediaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek: Pijama para seis. Aurrez, Entradium atari digitalean eros daitezke aurrez sarrerak, 12 eurotan.
Descaldoz ekoiztetxeak sortutako antzezlana da 19:00etan Baztartxo antzokian eskainiko dutena. Marc Camolettik zuzenduta, honako hauek dira obraren antzezleak: Gabino Diego, Amaia Vargas, Isabel Gaudi, Sabrina Praga eta Jesus Cisneros. Ekoiztetxearen arabera, "barrearen benetako metronomoa" da obra, Camoletti "maisuaren lumaren emaitza", bere dramaturgia guztiei erritmo frenetikoa eta umoretsua jartzen baitizkio. Honako hau da antzezlanaren sinopsia: Fernandok Susi maitalea gonbidatu du asteburua elkarrekin igarotzera, Mercedes, emaztea, ama bisitatzera joan dela baliatuta; ekintza zuritzeko asmoz, Carlos laguna ere gonbidatu du hark badaezpada. Plana ezin hobea da, eta Fernandok sukaldari bat —Susana— ere kontratatu du ezer falta ez dezaten. Ordea, gauzak ez dira Fernandok irudikatu bezala aterako, eta gau erromantikoa izan behar zuena ezin eroagoa bilakatuko da: itxurak egin beharko dituzte guztiek, ezkutuan dutena agerian geratu ez dadin.