Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko euskararen erabilerari buruzko ikerketa bat abiatu du bere 30. urteurrenean, helburu jakin batekin: Azkoitia euskararen "arnasgune oso" izatetik "arnasgune erasan" izatera zergatik igaro den jakin nahi du. Elkarteak adierazi duenez, datu kuantitatiboez harago, kualitatiboak jaso nahi dituzte, horiekin aurrera begirako erronkak identifikatu eta herriko euskararen egoera "aldatzea" nahi dutelako.
Ikerketa horretan parte hartzeko boluntarioak behar ditu Maxixatzenek. Urrian eta azaroan ordu erdi inguruko elkarrizketak egingo dizkiete haiei, eta azaldu dute edonork parte har dezakeela azterketan, ahalik eta lagin pluralena lortu nahi baitute. Beraz, ikerketan parte hartzeko interesa dutenak elkartearekin jar daitezke harremanetan, 675 85 71 11 telefono zenbakira whatsapp bat idatzita edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.