Anaitasuna futbol taldeko emakumeek joan den asteburuan ekin diote Euskal Ligaren sasoi berriari, eta ezin hobeto hasi dute denboraldia, garaipen sendoa erdietsi baitute 2026-27 ligaren aurreneko norgehiagokan. Larunbat arratsaldean, Zarautz taldearen aurkako neurketa izan zuten arerioaren zelaian, eta gorritxoek 0-3 hartu zituzten mendean zarauztarrak.
Partida hasi eta ordu erdi eskasera iritsi zen Anaitasunaren aurreneko gola, Arethak sartutakoa, eta atsedenaldira markagailua 0-1 zela joan ondoren, partidaren bigarren zatian berretsi zuen Anaitasunak garaipena; 63. minutuan Jonek sartu zuen gola, eta bost minutu eskaera, Zulaikak. Garaipena eskuartean eta hiru puntu etxeratuta, sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da Azkoitiko taldea lehen jardunaldia eta gero. Datorrenean, berriz, etxean jokatuko du, Arratiaren aurka.
Emakumeen ligaren estreinaldia zorionekoa izan bada ere, klubarentzat gazi-gozoa izan da asteburua. Izan ere, joan zen astean gizonen talde nagusiak liga garaipenarekin hasi ondoren, bigarren jardunaldian porrot argia jaso du Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailako taldeak. Haiek ere larunbatean jokatu zuten partida, Zumaiaren aurka eta hango futbol zelaian, eta nagusitasunez jokatu zuten haiek etxean. Partida hasi eta ia ordu erdira sartu zuen Zumaiak aurreneko gola, neurketa amaitzen ari zela iritsi ziren gainontzeko biak. Puntu gehiago eskuratu gabe, sailkapenaren erdiko postuetan —bederatzigarrenean— da Azkoitiko taldea, eta datorren asteburuan Amaikak Bat taldearen aurka izango du puntuak batzeko aukera, etxean.