200 bat txirrindulari elkartu ditu Mangaixue mendi bizikleta martxak

Ane Olaizola

Giro paregabearekin hasi dute zortzigarrenez Mangaixue martxa Plazaberritik, eta dozenaka lagun elkartu dira han parte hartzaileei animoak emateko. Aurten, inoiz baino emakume gehiagok parte hartu dute: hamar inguruk. Txirrindulariek bi ibilbide dituzte aukeran, eta hasitako leku berean amaituko dute martxa. 

Mendian ibiltzeko giro paregabearekin hasi dute gaur arratsaldean zortzigarren Mangaixue mendi bizikleta martxa, eta aurtengoan, 200 txirrindulari inguru batu ditu egitasmoak. Era berean, emakumeen parte hartzerik handiena ere izan du aurten, hamar bat emakume atera baitira. Herritar ugariren animopean abiatu dira horiek guztiak 15:15ean Plazaberritik mendira, eta aurrez, estreinakoz, zinta moztu du 1 dortsala zeraman txirrindulariak. Horrela hasi da Mangaixue mendi martxa. 

Plazaberritik abiatuta, txirrindulariek bi ibilbide izan dituzte aukeran: bata luzea, 33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– eta bestea, motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa–.Ibilbide motzean, txirrindulariek Oleta eta Samiño igoko dituzte aurrena, eta gero, Txalintxo ingurura jaitsi dira, han zati txiki bat egiteko. Ibilbide luzean ere Oleta gainera joko dute lehendabizi txirrindulariek, eta han inguruan zortzi kilometro inguruko itzulia egin beharko dute. Handik Samiñora joango dira, eta azkenik Txalintxora. Guztiek hasierako leku berean, Plazaberrin, amaituko dute mendi martxa, eta ondoren, sariak zozkatuko dituzte denen artean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide