Marie-Bernadette Dufourcet Adiskide Numerario izendatuko du bihar Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak

Andoni Elduaien

Dufourcet, Azkoitiko organoan. (Urtzi Oteiza)

12:00etan hasiko da ekitaldia organista baionarra Adiskide Numerario izendatzeko harrera ekitaldia. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko hainbat lagunen hitzak entzuteaz gain, Dufourcetek sarrera ikasgaia aurkeztuko du.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak kide berri bat gehiago izango du bihartik aurrera. Marie-Bernadette Dufourcet baionarra Adiskide Numerario izendatuko du elkarte horrek. Bihar, 12:00etan, Intsausti jauregian egingo dute ekitaldia. Azkoitiko Cavaille-Coll organoak kontzertu bat edo beste emandako organistari aitortza egingo diote, hala. 

Dufourcet Bordele Montaigne Unibertsitateko Artes zentroko katedradun emeritua da. Era berean, doktorea da musikologian, eta Parisko Goi Mailako Kontserbatorioko organista titulua ere badu. Nazioarteko hainbat kongresu zuzendu ditu Dufourcetek, eta XVI. eta XVIII. mendeen arteko Frantziako eta Espainiako gorteetako organoari eta musikari lotutako artikuluak eta liburuak argitaratu ditu. Azpimarratzekoa da, gainera, Dufourcetek eta Begoña Lolo irakasleak elkarrekin argitaratu duten azken liburua: Tiempo de exilios. Sebastián Durón y Mariana de Neoburgo en Francia, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia, 2024.

Organista gisa kontzertu asko eman ditu baionarrak, baina, aldi berean, pieza asko konposatu ditu organorako. Bere bi lan, esate baterako, euskal gaiei buruzkoak dira: Denbora eta Atzar gaiten. 2011n, Frantziako Gobernuak Palmes Académiques ordenako Ofizialaren domina eman zion Dufourceti, eta 2013an, Merituaren Ordena Nazionaleko Zaldunaren domina. Baionako Société des Sciences, Lettres et Arts elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea ere bada hura, eta 2021ean, Bordeleko Zientzia, Letra Ederrak eta Arteak Akademiako kide korrespontsal izendatu zuten.

Bihar, Azkoitian egingo diote hari harrera ekitaldia. Pedro Berriotxoa Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako lehendakariak irekiko du ekitaldia, eta gero, Dufourcetek bera sarrera ikasgaia aurkeztuko du: La ofrenda de libros del conde de Peñaflorida a la Real Academia de Burdeos (1763): un acto de fé. Ekitaldia ixteko, berriz, Amelia Baldeon Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioak beste hitz batzuk eskainiko dizkio baionarrari. Gainera, ekitaldian zehar musika emanaldi bat baino gehiago izango da, eta amaieran, domina eta diploma emango dizkiote Dufourceti. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide