Berrikuntzekin hasi du ikasturtea Azkoitiko Euskara Mahaiak

Andoni Elduaien

Euskara Mahaia Elkargunean elkartu zen atzo. (Maxixatzen Euskaldunon Elkartea)

Gau Beltza nahiz Euskararen Eguna antolatzea eta herritarren artean irakurzaletasuna sustatzea izango ditu helburu Azkoitiko Euskara Mahaiak abendura bitartean.

Azkoitiko Euskara Mahaiak atzo, asteazkena, ekin zion 2026-2027 ikasturteari. Aurrerantzean, dinamika berrian egingo du lan taldeak, "ideiak mahai gainean, proiektuak buruan eta euskara erdigunean" hartuta; izan ere, Euskara Mahaiak ez du orain arte izan duen betiko mahai iraunkorra izango. Gaurdanik, proiektu zehatzak lantzeko, ideiak partekatzeko eta bestelako zenbait ekintza martxan jartzeko gunea izango da Azkoitiko Euskara Mahaia.  

Taldeak azaldu duenez, abendura bitartean hiru erronka izango dituzte jomuga: batetik, urriaren 31n ospatuko den Gau Beltza edo Arimen Gaua nola landu aztertuko dute; eta bestetik, abenduaren 3ko Euskararen Eguna. Era berean, herritarren artean irakurzaletasuna sustatzea izango du Euskara Mahaiak helburu, eta horretarako, adin guztietako azkoitiarrentzako liburu gomendioak, eta irakurtzeko gogoa pizteko proposamenak egingo dituzte bileretan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide