Manex Ansorregi Surne Bilbao Basket taldeko saskibaloi jokalari azkoitiarrak Euskal Kopa irabazi zuen atzo, asteartea, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian. Surne Bilbao Basketek eta Kosner Baskoniak neurtu zituzten indarrak finalean, eta Bilboko taldeak erraztasun handiarekin hartu zuen mendean Gasteizkoa; 85-99 nagusitu zen Ansorregiren Bilbao Basket.
Saskibaloi jokalari azkoitiarrak uda honetan egin du Espainiako saskibaloiaren goreneko mailara jauzia. Inveready Askatuak Gipuzkoa taldea utzi eta Surne Bilbao Basketekin bat egin zuen Ansorregik udan, eta Endesa Ligari ekin aurretik lortu dute ACB mailako Euskal Kopa. Goi mailan lortzen duen aurreneko titulua eskuratu zuen atzo azkoitiarrak.