Descalzos ekoiztetxeak Pijama para seis antzezlana eskainiko du hilaren 26an, larunbatez, Baztartxo antzokian (19:00), eta udalak dagoeneko jarri ditu hara joateko sarrerak salgai. Entradium atari digitalean eros daitezke aurrez sarrerak, 12 eurotan.
Marc Camoletti da antzezlanaren zuzendaria, eta honako aktore hauek osatzen dute lantalde artistikoa: Gabino Diego, Amaia Vargas, Isabel Gaudi, Sabrina Praga eta Jesus Cisneros. Komedia bat da horiek taularatuko dutena, eta honako hau da antzezlanaren sinopsia: Fernandok Susi maitalea gonbidatu du asteburua elkarrekin igarotzera, Mercedes, emaztea, ama bisitatzera joan dela baliatuta; ekintza zuritzeko asmoz, Carlos laguna ere gonbidatu du hark badaezpada. Plana ezin hobea da, eta Fernandok sukaldari bat —Susana— ere kontratatu du ezer falta ez dezaten. Ordea, gauzak ez dira Fernandok irudikatu bezala aterako, eta gau erromantikoa izan behar zuena ezin eroagoa bilakatuko da: itxurak egin beharko dituzte guztiek, ezkutuan dutena agerian geratu ez dadin.