Datorren igandean hitzordu bikoitza izango da igandean Azkoitiko plazan: Kulturarteko Jaia eta Garapenean Bidelagun azoka. Hain zuzen ere, kulturartekotasunaren eta elkartasunaren leiho bilakatuko da herriaren erdigunea. Udalak hausnarketarako eta kontzientziaziorako deia egin die herritarrei, begirada irekia eta solidarioa sustatzeko nahiz kulturaniztasuna babesteko eskatu die erakundeak.
Kulturarteko Jaia komunitate ezberdinen arteko topagunea izango da, eta gastronomia, dantza eta musika izango dira elementu nagusiak. Gainera, hainbat jarduera egingo dituzte goiz eta eguerdi partean: 12:00etatik 13:30era, Saharako eta Afrikako dantzen emanaldia izango da; 12:45ean, berriz, Marokoko ezkontza jantzien desfilea gauzatuko dute. 13:00etatik aurrera, berriz, gastronomia eskaintzaz gozatu ahal izango dute herritarrek; hainbat herritako jakiak dastatu ahal izango dira, bi euroren trukean. Gainera, Kafe Mundialak egitasmoko partaideek bazkaria egingo dute hitzorduaren bueltan.
Azkoitian 50 herrialdetatik iritsitako herritarrak bizi dira gaur egun, 1.406 hain zuzen ere. Udalak azaldu duenez, atzerriko komunitaterik handiena Marokokoa eta Pakistangoa dira herrian, eta hirugarren jendetsuena Nikaraguakoa. Sortzez Aljeriakoak, Honduraskoak, Portugalgoak, Senegalgoak, Saharakoak, Errumaniakoak nahiz Venezuelakoak diren herritarrak ere hainbat dira. Sonia Vazquez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, Kulturarteko Jaia baliatu nahi dute herriko kulturaniztasuna azaleratzeko nahoz herritarren partaidetza eta elkarren arteko harremanak sustatzeko. "Aniztasuna gizarte gisa aberasten gaituen balio soziala da, eta egitamso honekin horixe da aldarrikatu nahi duguna", esan du.
GKEen lanaren erakusleiho
Bestalde, Garapenean Bidelagun azoka ere egingo dute egun horretan. 2013tik egiten duten egitasmoaren beste edizio bat egingo dute. Azoka hori baliatuko dute Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) egiten duten lana erakusteko eta baliosteko, baita garapen bidean diren herrialdeetan bizi dituzten errealitateak ezagutarazteko ere.
Azokaren bueltan bilduko dira, hain zuzen ere, Azkoitiko Udalak diruz laguntzen dituzten GKE-etako ordezkariak: Darahli Elkartea, Lumaltik Herriak, Munduko Begiak, Mundu Solidarioa Helburu, Acoes, Gazteak eta Garapena, Salvador Elkartasuna eta Behar Bidasoa. GKE horiek denek informazio gunea jarriko dute plazan, 11:00etatik 14:00etara.
Vazquez zinegotziak azaldu duenez, GKE-ei esker ona publikoki adierazi behar zaie, injustiziaren aurka eta mundu hobe baten alde egiten duten lan boluntarioagatik: "Indibidualismoa ezaugarri duen gizarte batean bizi gara, eta horrek aurrez aurre talka egin dezake ekintza solidarioarekin. Baina gure patua, beste ezeren gainetik, jaiolekuak definitzen du".