'La odisea' eta 'Minions & Monsters' filmak Baztartxon, denboraldi berriaren estreinakoan

Andoni Elduaien

'La odisea' filmaren irudietako bat. (Filmaffinity)

Igandean eta astelehenean emango dituzte Baztartxoko film denboraldi berriaren aurreneko saioak. Helduentzako 'La odisea' filma igandean eta astelehenean emango dute, eta haurrentzako 'Minions & Monsters' filma, igandean.

Baztartxo antzokiak asteburuan ekingo dio 2026-2027 denboraldiari. Estreinako astean helduentzako La odisea eta haurrentzako Minions & Monsters filmak emango dituzte. Igandean eta astelehenean emango dituzte bi filmak: igandean, 17:00etan hasita eskainiko dute haurrentzako Minions & Monsters filma, eta 19:00etan, helduentzako La odisea. Astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da berriro azken film hori. 

La Odisea (2026) Christopher Nolanek idatzi nahiz zuzendutako fantasia eta akzioa uztartzen dituen filma da. Troiako gerraren ondoren, Odiseo mitikoak Itakan duen etxerako itzulera bide luzeari eta arriskutsuari ekingo dio. Han, Penelope emaztea eta Telemako semea izango ditu zain; tronua lortu nahi dutenen aurrean erresuma babesten arituko dira Penelope eta Telemako. Alabaina, itzulera bidea epopeia mitikoa bihurtuko da, eta jainko etsaiei zein izaki mitologikoei aurre egin beharko die Odiseok. Egoera horrek bere adimena eta ausardia ez ezik, bere gizatasuna ere proban jarriko du.

Minions & Monsters animaziozko filma, berriz, aurtengo udan estreinatu du Universal Pictures ekoiztetxeak. Minionek Hollywood nola konkistatu zuten kontatzen du filmak, baina baita haiek zinema munduko izar nola bihurtu ziren, dena zer modutan galdu zuten, munduan munstroak nola askatu zituzten, eta ondoren, sortu berri zuten kaosetik haien planeta salbatzen saiatzeko nola elkartu ziren ere.

Sarrerak eta bonuak

Baztartxo antzokiak zehaztuta ditu film denboraldi berrirako sarren eta bonuen prezioak; antzokiko arduradunek azaldu dutenez, iazko prezioak mantenduko dituzte aurten ere. Bonuen artean, bi aukera eskainiko dituzte: batetik, irailetik abendura arteko, 15 euroren truke bost film ikusteko sarrera emango duena; eta bestetik, urtarriletik abendura artekoa, 30 euroren truke hamar film ikusteko aukera emango duena. 

Sarreren prezioak ere mantendu egingo ditu antzokiak. Helduen film emanaldietarako sarrerak 5 euro balioko du, eta 3 euro, astelehenetako ikuslearen eguneko emanaldiak eta umeen nahiz zineforum saioetakoek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide