Estreinaldi kaskarra Espainiako Kopan

Andoni Elduaien

Gonzalo Fernandez, saskiaren bila. (Mikel Amenabar 'Otola')

Kopa txapelketako lehen garaipenak ihes egin dio Biele ISBri, Logroñoko taldeak azken laurdenaren hasieran hautsi du-eta neurketa. Igandean, Clavijoren aurka jokatuko dute Espainiako Kopako bigarren lehia Atxalandabasoren gizonek. 

Biele ISBk pauso okerrarekin ekin dio Espainiako Kopari. Atzo, igandea, LogroBasket Logi7 taldearen aurka neurtu zituen indarrak Gorka Atxalandabasoren taldeak, eta 66-89 galdu zuen. Partida gogorra eta lehiatua jokatu zuten bi taldeek, baina bisitariek jaurtiketetan asmo asmatu zuten, eta azkenerako alde handia aterata nagusitu ziren. 

Lehen hamar minutuak orekatu samarrak izan ziren, baina Logroñoko (Espainia) taldea laurdenaren amaierako segundoetan hasi zen markagailuan tartea zabaltzen; 16-23 emaitzarekin, zazpi puntura urrundu ziren. Dena den, bigarren laurdenaren hasieran hautsi zuen partida kanpoko taldeak; alde nabarmena lortu zuten haiek, 20-42 emaitza ere erakutsi baitzuen une batez markagailuak. Dena den, Atxalandabasoren taldearen erreakzioa iritsi zen ondoren, eta 11-2 partzial bati esker, partidari bizirik eutsi zioten (31-44). 

Bazirudien Biele ISB atsedenaldiaren aurretik erakutsi zuen mailari eusteko gai izango zela atsedenaldiaren ostean ere, bai behintzat hirugarren laurdenaren erditik aurrera. LogroBasket Logi7 taldeak izan zuen hamazazpi puntuko gehieneko abantaila sei puntu eskasera murriztu zuen etxeko taldeak, eta azken laurdenera itxaropenarekin ailegatu zen (54-62). Ordea, Logroñoko taldeak ederki asmatu zuen partida bere aldera eramaten. Azken laurdenaren hasieran 0-10 partziala erdietsi zuen, eta hala, garaipena ondo baino hobeto bideratu zuen. Azkenean, Logroñokoek lortu zuten garaipena, 23 puntuko aldearekin (66-89).

Espainiako Kopako lehen partida jokatuta, Atxalandabasoren taldeak beste bi hitzordu jokatuko ditu txapelketa horren barruan: hilaren 20an, Logroñon, Clavijoren aurka jokatuko dute otsoek (12:00); eta hilaren 26an, Azpeitian, Lobe Huesca La Magia jasoko dute otsoek (18:00).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide