Anaitasunak estreinaldi bikaina eman dio 2026-2027 denboraldiari. Atzo, Txerloian, Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailaren lehen jardunaldian, gorriek 4-1 menderatu zuten Aloña Mendi.
Atsedenaldirako majo bideratuta utzi zuen Anaitasunak garaipena. Loren Barbadoren gizonek ez zioten aukera handirik eman aurkariei. Partida hasi eta ordu erdia bete baino lehen egin zituzten lehen hiru golak, hamar minutuko tartean. 13. minutuan egin zuen etxekoen lehen gola Amusek, 2-0ekoa 17.ean jarri zuen Pastrik, eta Hichamek egin zuen hirugarrena, 23. minutuan.
Hiru goleko abantaila ederrarekin joan ziren aldageletara Anaitasunakoak, eta bigarren zatiaren hasieran aldaketa ugari egin bazituen ere, ezustekotarako tarterik ez zuen utzi etxeko taldeak. Horrela, bigarren zatiaren lehen ordu laurdena betetzear zela etorri zen gorrien laugarren eta azken gola, Albiren eskutik. Oñatiko taldeak 70. minutuan egin zuen bere gola, baina ez zen nahikoa izan Azkoitikoak estutzeko.
Atzo, Urtzi Segurolak debuta egin zuen talde nagusiarekin. Datorren asteburuan, berriz, Zumaiakoren zelaian jokatuko du Anaitasunak.
Denboraldiaurreko azkena galdu
Anaitasunaren emakumeek datorren asteburuan ekingo diote Euskal Ligaren lehiari. Zarautzen zelaian jokatuko dute zapatuan, 17:30ean.
Atzo, Zumarragan (Gipuzkoa) jokatu zuen Iñigo Oruesagasti Orue-k gidatzen duen taldeak denboraldiaurreko laugarren eta azken partida, eta 1-0 galdu zuen.