"Urduritzen hasita" baina txapelketarako gogoz da Eneritz Artetxe

Julene Frantzesena

Aurreneko aldiz parte hartuko du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Artetxe Gipuzkoako Txapelketako aparretatik iritsi da lehiara. Lekeition abestuko du azkoitiarrak hilaren 27an, igandez. "Ahalik eta saiorik onena" egiten saiatuko dela esan du.

Hasi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako atzera kontaketa, eta bertsolariak hasiak dira halako hitzordu batek sor ditzakeen sentimenduak nabaritzen. Eneritz Artetxe azkoitiarra da aurtengo txapelketan ariko den bertsolarietako bat, eta hark "urduritzen hasita", baina ekiteko "gogoz" dagoela adierazi du. Gukak harekin hitz egin zuen joan zen ostegunean, Azpeitian egindako txapelketaren aurkezpen festan.

Aurreneko aldiz parte hartuko du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Artetxe 2024ko Gipuzkoako Txapelketako aparretatik iritsi da lehiara, baina, hala eta guztiz, hark esan du ez dagoela txapelketa bat bestearekin konparatzerik. "Bertso eskolan beti bezala ari gara prestatzen, eta ateratzen dena aterako da. Badakigu bertsolari on asko izango dela kantuan, eta lehen fasetik bigarrenera dagoen galbahea handia dela eta bertsolari asko eta onak geratuko direla kanpoan".

Lekeition (Bizkaia) izango du txapelketako lehen hitzordua hilaren 27an, igandez. Agertokian izango dira harekin batera, Aner Peritz, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Maddalen Arzallus eta Aroa Arrizubieta. Artetxek azaldu duenez, "ahalik eta saiorik onena" egiten saiatuko da, baita oholtzakideekin ahalik eta arratsalde ederrena pasatzen ere. "Hortik aurrera datorrena ondo hartuko dugu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide