Bizikletak berrikusteko zerbitzua eta 'escape room' jokoa, Mugikortasunaren Asterako

Mailo Oiarzabal

Ana Azkoitia eta Azahara Dominguez 2026ko Mugikortasunaren Asteko ekintzen kartelekin, liburutegi ondoan. (GFA)

Datorren ostegunean, hilaren 17an, 16:00etatik 20:00etara eskainiko dituzte liburutegi ondoko plazan Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako bi ekintzak.

Irailaren 16tik 22ra izango da aurten Europako Mugikortasunaren Astea. Ohi duenez, mugikortasun jasangarria sustatzea xede duen egitasmo horrekin bat egingo du aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, bi ekintza prestatu ditu foru erakundearen Mugikortasuneko, Turismo eta Lurralde Antolaketako departamentuak. Batetik, aurreko urteetatik datorren Jarri prest zure bizikleta Mugirekin tailerra eskainiko dute berriro; eta bestetik, aurtengo berrikuntza: gazteen artean mugikortasun jasangarria sustatzeko escape room jokoa.

Hilaren 16tik 25era bitartean, lurraldeko hogei udalerritara eramango ditu ekintza horiek aldundiak. Azkoitian, datorren ostegunean izango da hitzordua: hilaren 17an, 16:00etatik 20:00etara egongo dira Aizkibel liburutegi ondoko plazan bizikletak berrikusteko furgoneta-lantegia zein escape jokoa

Mugirekin, bizikletak pronto

Mugi garraio txartela dutenek, beren bizikletei oinarrizko doikuntzak edota konponketak egiteko aukera izango dute aurten ere Jarri prest zure bizikleta Mugirekin tailerrean.

Baina Mugi txartela ez dutenentzako eta hori eskuratu nahi dutenentzako zerbitzua ere emango dute bizikletak konpontzekoarekin batera. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak "beharrezko laguntza" eskainiko die herritar horiei Mugi txartela eskatzeko "eta, horrela, sistema horrek eskaintzen dituen abantaila guztiez gozatzen" hasteko.

'Escape room'-a, gazteak kontzientziatzeko

Aurten, ordea, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak prestatu duen Misterioa Topo Expressen izeneko jarduera izango da berrikuntza nagusia. Escape room jokoa da, eta herritar orok izango du bertan aritzeko aukera, baina bereziki gazteen artean mugikortasun jasangarria sustatzeko prestatu dutela adierazi zuen aurkezpenean Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Izan ere, Dominguezen aburuz, "txikitatik hartzen ditugun mugikortasun ohiturek garrantzi handia dute gizarte gisa gure etorkizuna eraikitzeko garaian".

Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, Misterioa Topo Expressen 45 eta 60 minutu inguruko iraupena duen escape joko bat da, "modu ludikoan eta oso entretenigarrian" parte hartzaileak "garraio publikoaren garrantziaz, Mugi sistemaren abantailez eta balioez kontzientziatzeko, eta gazteen artean mugikortasun autonomoagoa sustatzeko aukera ematen duena".

Jokoa zuzen eta garaiz osatzeak saria izan dezake, gainera: bi bizikletaren zozketan parte hartuko dute hori lortzen dutenek, baita Mugi txarteletan 20 euroko balioa duten 60 kargaren zozketan ere.

Apustu "irmoa"

Aurreko urteetan bezala, Azkoitiko Udalak ere bat egin du aldundiak Mugikortasunaren Asterako prestatutako eskaintzarekin eta zabaldutako mezuekin.

Ana Azkoitia alkatearentzat, "mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuak irmoa izan behar du bai erakundeon aldetik, bai gizartearen aldetik". Klima aldaketari aurre egiteko tresna gisa ulertzen du mugikortasun jasangarria Azkoitiak, eta "kotxea alde batera uztea eta erregai fosilak murriztea denon ardura" dela deritzo. "Mugikortasun ohiturak aldatu beharra dauzkagu", dio Azkoitiko alkateak, "garraio publikoa, bizikleta edota oinez ibiltzea lehenetsiz".

Mugikortasun Astearen barruan antolatutako ekintzek "gutxienez, kontzientzia hartzeko" balio behar dutela adierazi du Azkoitiak, baina gehiago behar dela ere ekarri du gogora: "Trantsizio energetikoari bide ematea behar-beharrezkoa da, ez da aukera bat. Bestela, etorkizun beltza izango dugu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide