Kontxako 131. Banderaren bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute bihar, igandea, Donostiako uretan. Zirrara eta lehia bizia espero dira biharko hitzordurako, bereziki, gizonen estropadan; izan ere, denbora tarte estua dago joan den astean denborarik onena egin zuen Orioren eta bigarren sailkatu zen Donostiarraren artean. Orioko San Nikolas traineruak hiru segundo eta hamar ehuneneko abantailari eutsi beharko dio bihar bandera irabazteko, eta Donostiako Torrekua II traineruak Orio hiru segundotik gorako aldearekin atzean utzi.
Hain justu, Joanes Balenziaga arraunlari azkoitiarra Donostiarra taldeko kidea da, eta hark badu itxaropena biharko egunerako. Aurreneko aldiz eskuratu nahi du azkoitiarrak etxeko bandera preziatua, nahiz eta bosgarren aldiz ari den hura jokatzen. Hiru segundoko tartea iraultzeko asmoa dute Torrekua II trainerukoek. "Borroka betean gaude, baina arerioa, Orio, egungo indartsuena da. Horregatik, edozer egiteko gauza da. Ordea, guk erakutsi dugu bai txapelketetan, bai joan den igandean, onenekin egoteko gauza garela. Irabaztera aterako gara, inolako konplexurik gabe", adierazi du Balenziagak.
Azkoitiko arraunlariak dio "estropada ona" egin zutela lehen jardunaldian. "Oriok besteok baino azkarrago jartzen du martxan bere trainerua; irteeran ateratzen dute haiek besteekiko tartea. Une batez aurretik ere izan ginen, gure gehieneko abiadura hartu genuenean. Momentu horretan erakutsi genuen beraiek bezain azkarrak garela edota beraiek baino azkarragoak. Halere, gehieneko abiadura hartzea kostatu egiten zaigu".