Anaitasuna futbol klubaren gizonen taldeak Tedeon taldearekin neurtu beharko ditu indarrak Espainiako Errege Koparen atariko kanporaketan. Navarreteko (Errioxa, Espainia) taldearen aurkako atariko kanporaketa hori bi partidatara jokatuko dute: hil honen azken asteburuan jokatuko dute joanekoa, Txerloian, eta urriaren lehen asteburuan jokatuko dute itzulerakoa, Navarreteko San Miguel zelaian. Tedeonen aurkako kanporaketa gaindituko balu Anaitasunak, Espainiako Lehen Mailan diharduen talde baten aurka jokatuko luke, Txerloian.
Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan egin dute zozketa gaur, osteguna, 13:00etan hasita, eta han ebatzi dituzte kanporaketa guztiak. Loren Barbado Anaitasunako entrenatzailea Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan egin den zozketan izan da, eta hain justu, berak atera du Anaitasunaren izena zeraman papera, aurreneko saiakeran. Barbadok azaldu du "modu oso berezian" hartuko dutela Espainiako Errege Koparen bidez taldeari sortu zaion erronka. "Aurreko denboraldian egin genuen ibilbideari aitortutako saria da. Oraingo honetan, 2020ko kanporaketan ez bezala, zaleen aurrean aritzeko aukera izango dugu, eta horregatik, gustura gaude", adierazi du gorritxoen entrenatzaileak.
Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka aritu nahi dute gorritxoek aurten ere, baina oraingoan, jarraitzaileen babesarekin. Atariko kanporaketa gaindituko balu Barbadoren taldeak, hurrengo faseko kanporaketa partida bakar batera jokatuko luke Azkoitian bertan. Urriaren 28an, asteazkenez, jokatuko luke Anaitasunak balizko norgehiagoka hori Athletic, Alaves, Racing, Deportivo edota Celtaren aurka; izan ere, Espainiako Futbol Federazioak geografikoki gertuen dauden taldeen artean osatzen ditu zozketarako multzoak.
Anaitasunarentzat ez litzateke berria Espainiako Lehen Mailako talde batekin indarrak neurtzea; izan ere, 2020ko abenduaren 17an, Anaitasunak Getaferen aurka neurtu zituen indarrak; 1-2 nagusitu zen Madrilgo taldea. Orduko hartan, zalerik gabe jokatu zuten partida COVID-19aren bueltan erakundeek ezarritako mugak tarteko. Orain, beste egun historiko bat bizi nahi dute gorritxoek, baina zaleen laguntzarekin.