Urak egiten duen ziklo guztia azaltzeko, 'Uraren balioa' kanpaina abiatu du Gipuzkoako Ur Kontsortzioak

Andoni Elduaien

Ana Azkoitia alkatea, eskuinean. (Gipuzkoako Ur Kontsortzioa)

Urari lotutako kudeaketaren atzean dagoen errealitatea aurkeztea da kanpainaren helburua, herritarrei ordaintzen dutena zergatik ordaintzen duten azaltzeko. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 76 udalerriri eta 345.000 biztanle ingururi ematen dio zerbitzua, tartean Azkoitiari.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Uraren balioa izeneko kanpaina aurkeztu du, urari lotutako kudeaketaren atzean dagoen errealitatea herritarrengana hurbiltzea eta haren fakturaren atzean zer dagoen nahiz ordaintzen dena zergatik ordaintzen den azaltzea xede duen kanpaina. Gaur aurkeztu dute kanpaina Beasainen (Gipuzkoa), Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakaria eta hango alkatea den Leire Artola buru. Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak ere parte hartu du hitzorduan, beste hainbat udaletako eta erakundetako ordezkariekin batera.

Kanpainaren aurkezpen ekitaldian nabarmendu dute iturriaren txorrota irekitzea "eguneroko keinua" dela, baina baita "eguneroko lana" ere. "Ura etxeetara iristeko, beharrezkoa da ura hartzea, tratatzea, biltegiratzea nahiz banatzea, eta erabili ondoren, hura biltzea, araztea eta ingurune naturalera baldintza egokietan itzultzea. Prozesu horren guztiaren atzean azpiegitura, teknologia, inbertsio iraunkor eta 260 profesional baino gehiagoren eguneroko lana daude", azpimarratu dute. 

Kanpainaren helburu nagusietako bat da herritarrei azaltzea uraren prezioa ezin dela ulertu soilik toki bakoitzean metro kubikoko duen prezioa alderatuta. "Lurralde bakoitzaren ezaugarriek zerbitzua emateko behar diren azpiegiturak baldintzatzen dituzte, eta, beraz, baita kostuak ere", esan dute. Horren bueltan, nabarmendu dute Gipuzkoak geografikoki errealitate "bereziki konplexua" duela, udalerri txiki, bailara eta herrigune ugari baititu lurraldeak. "Uraren prezioa hainbat lekuren artean alderatzen dugunean, atzean dagoen zerbitzua ere alderatu behar dugu. Azpiegiturak eta beharrak ez dira berdinak lurralde guztietan, eta, beraz, uraren ziklo osoa bermatzeko behar diren kostuak ere ez. Herritarrek informazio hori izatea eta ordaintzen dutena zergatik ordaintzen duten ulertzea nahi dugu", esan dute.

Gipuzkoako Urak-ek Gipuzkoaren %88ari ematen dio zerbitzua; alegia, 76 udalerriri eta 345.000 biztanle ingururi, eta adierazi dute horretarako zazpi urtegi, edateko ura tratatzeko hamalau estazio, 259 biltegi eta hamar araztegi kudeatzen zein mantentzen dituela erakunde horrek. Kontsortzioak emandako datuen arabera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren ur metro kubiko baten batez besteko prezioa 2,10 euro ingurukoa da, 2,23 eurokoa da Espainiako Estatukoa eta 3,90 eurokoa Europakoa. 

Zerbitzua ikusaraztea helburu

Abian jarri duten kanpainarekin uraren bueltako errealitate guztia herritarrei modu errazean, argian eta bisualean azaltzea nahi dute. Horretarako, kanpainak webgune propioa izango du, eta bertan uraren zikloari, beharrezko azpiegiturei eta zerbitzuaren kostuan eragina duten elementuei buruzko informazioa bilduko dute. Era berean, uraren prezioa testuinguruan kokatzen eta ordaintzen den prezioa zergatik ordaintzen den azaltzeko edukiak eskainiko dituzte. Horien artean, urak egiten duen zikloa erakusten duen Uraren bidaia deituriko ikus-entzunezko pieza ondu dute. Horrez gain, sare sozialetarako infografiak eta edukiak ere prestatu dira, kanpainaren mezu nagusiak zabaltzeko. 

Kanpaina Gipuzkoako Ur Kontsortzioak prestatu eta koordinatu duen arren, kontsortzioa osatzen duten udalerri guztiei bideratuko diete orain materiala, udal bakoitzak bere egin eta herritarren artean zabaldu dezan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide