Adostuz elkarteko irakasle jubilatuek Azkoitian egin dute geldialdia gaur, asteazkena. 15:30 inguruan iritsi dira bizikletaz herriko plazara irakaskuntza publikoan irakasle lanetan ibilitako dozena bat lagun; izan ere, erretiro aurreratuagatiko kalte ordaina jaso nahi dutela aldarrikatzeko bizikleta itzulia ari dira egiten horiek joan den igandez geroztik Euskal Herrian zehar. Gaur amaituko dute laugarren etapa, Azpeitian, baina hara iritsi aurretik herrian egin dute geldialdia.
Eusko Jaurlaritzari lan hitzarmena bete dezala eskatzeko ari dira irakasle ohiak bizikleta hartuta itzulia egiten. Adostuz elkarteak 4.545 irakasle jubilatu batu ditu aldarrikapen beraren bueltan, eta kopuru hori adierazten duen petoa jantzita iritsi dira partaideak Azkoitira.
Ordea, beren aldarrikapenak plazaratzea eta Eusko Jaurlaritzaren jokabidea salatzea ere badira haien nahiak. Irakasle jubilatuak Gasteiztik abiatu ziren joan den igandean, eta han amaituko dute itzulia hilaren 13an. Gaurko etaparen ondoren, bihar Donostiarako bidea hartuko dute, Urola Kostako zenbait herri igarota.