Txalonerrekan babestutako 71 etxebizitza eraikitzeko obren lizitazioa datorren urtean egitea aurreikusi du Jaurlaritzak

Andoni Elduaien

Babestutako 71 etxebizitzak hormaren gainaldean eraikiko dituzte. (Andoni Elduaien)

Guztira, babestutako 111 etxebizitza eraikitzea du aurreikusita Jaurlaritzak Txalonerrekan, eta horietatik 71 laugarren partzelan eraikiko dituzte. Gainerako beste hiru partzelatan babestutako 40 etxebizitza eraikiko dituzte, baina aurrerago.

Txalonerrekan babestutako 71 etxebizitza eraikitzeko obren lizitazioa datorren urtean egitea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. 2021ean, Azkoitiko Udalak Txalonerrekako hiru partzela saldu zizkion Jaurlaritzari, eta bi erakundeek, Azkoitia Lantzenekin batera, hitzarmena sinatu zuten hiru partzela horietan alokairu publikoko 40 etxebizitza eraiki zitezen. Nolanahi ere, eremu horretan Jaurlaritzaren jabetzakoa den laugarren partzela bat dago, eta orain, eremu hori 2021ean sinatutako hitzarmenera gehitzeko baimena eman du erakunde horrek. 

Lau partzela horiek Izar Jai urbanizazioaren azpiko lurretan daude, bi lerro desberdinetan banatuta. Gurutzeaga baserriaren azpiko lehen lerroan daude lehen, bigarren eta hirugarren partzelak, eta lerro bat beherago, laugarren partzela. Hain justu, laugarren partzelan hasiko da Jaurlaritza etxeak eraikitzen –irudian, hormaren gaineko zatian–. Guztira, babestutako 71 etxebizitza eraikiko dituzte, eta Jaurlaritzak jakinarazi duenez, etxebizitza horiek badituzte obra lizentzia eta exekuzio proiektua. Dena den, obren lizitazioa datorren urtean egitea aurreikusi dute. 

Partzela horretako lanak amaitzean, lehen, bigarren eta hirugarren partzeletan eraikiko dituzte etxebizitzak, hurrenez hurren. Horietan, denera, babestutako 40 etxebizitza eraikiko ditu Jaurlaritzak, eta horien proiektuak lizitazio fasean daudela aurreratu du, kontrataziora bidalitako pleguekin. Laugarren partzelaren azpian, berriz, bosgarren, seigarren eta zazpigarren partzelak daude, baina horietan etxebizitza libreak eraikiko dituzte. 

Hitzarmena erakundeen arteko elkarlanaren emaitza dela azaldu du Jaurlaritzak. "Jarduketa administrazioen arteko koordinazioaren adibide berri bat da, etxebizitza babestuaren exekuzioa errazteko eta garatzeko dauden bizitegi eremuen urbanizazioan aurrera egiteko pauso bat", azaldu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide