Klik!

Galderen atzetik aztarrika

Ane Olaizola

Profesionalak lanean, Munoaundiko herri harresituan. (Argazkiak: Ane Olaizola eta Aranzadi zientzia elkartea)

Makina bat pertsona igaroko ziren inoiz Munoaundi mendixkako Burdin Aroko herri harresituaren gainetik, zapaldutako lurzoruaren azpian duela 2.500 urte inguruko gizakiaren arrasto argigarriak egon daitezkeela pentsatu gabe. Etengabeko galderei tiraka, Aranzadi zientzia elkarteko kideak herri antolatu haren arrastoen bila aritzen dira duela 21 urtetik, eta aurten ere ez dute hutsik egin aztarnategiko indusketek. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako 'Klik!' argazki erreportajea da honako hau.

Bailara, begi bistan

Duela 2.500 urte inguru, Munoaundi herri harresituan 200 bat pertsona bizi izan zirela uste dute adituek, han zenbat denboran egon ziren zehazteko gai ez badira ere. Leku estrategikoan kokatu ziren herritar haiek, muinoak 360 graduko ikuspegi zabala duelako, eta handik Iraurgi bailara osoa zutelako begi bistan, eta beraz, kontrolpean. 

Munoaundin bizi izan zirenek mendiak dituen sei hektareak ustiatu zituzten bizitzeko eta lan egiteko, mendiaren beraren orografia aprobetxatuta.

Izaro Quevedo, indusketen zuzendari

Aurrenekoz, Izaro Quevedo Aranzadiko arkeologoak zuzendu ditu Munoaundi aztarnategiko indusketak aurten, aurreko bi urteetan zuzendariorde lanetan ibili ondoren. Aztarnategiaren gainean dauden galdera arkeologikoen arabera, indusketen estrategia zein izango den zehaztea da haren lana. "Indusketa bakoitzak bere galderak ditu. Finean, gu arkeologoak gara, eta lurra mugitzen dugu, baina gure helburua da bertan bizi zen gizakiaren informazioa jasotzea", adierazi du Quevedok. 

Aurten, profesionalak

Aurten arkeologo profesionalek induskatu dute Munoaundiko aztarnategia –orain arte boluntarioek egiten zuten–, eta uztailaren erdialdean, astebete baino gutxiagoan, gauzatu zituzten lanak. Hamar bat laguneko lantaldea aritu zen horretan sei egunez, eta horien artean izan ziren Aranzadiko arkeologoak zein han-hemengo historialariak eta zaharberritzaileak. 

Lana astebete eskasekoa izanik, aurretik dena prest utzi behar izan zuten Aranzadiko kideek, eta indusketen atarian, hainbat boluntario auzolanean aritu ziren urte osoan gunea estaltzen duen olana kentzeko.

Aurtengo lan eremua

Eremu oso zabala da Munoaundi; sei hektarea hartzen ditu Azkoitiko eta Azpeitiko lurretan. Aranzadik hiru gune ditu zabalik indusketetarako, eta azken ekinaldian, hego-mendebaldera begira dagoen 400 metro koadroko gunea landu du; hau da, harresiaren puska bat zein etxebizitzak egon ziren zatia. 

Aurtengo helburua izan da eremu hori induskatzen amaitzea. Datozen bi urteetan, berriz, orain arte jasotako informazioa eguneratuko dute, lan gehiena laborategian dutelako. Beraz, urteetan bildutako informazioa prozesatzeko baliatuko dituzte 2027a eta 2028a, eta 2029an itzuliko dira landa lanak Munoaundira. 

Etxebizitzak eta harresia

Aranzadik indusketarako zabalik duen hego-mendebaldeko zonaldean, bi metroko zabalera zuen harresiaren arrastoak aurkitu dituzte azken urteetan. Harresiaren zabaleraren alde banatan, harrizko bi geruza nabari dira, eta Quevedoren hitzetan, orduko biztanleek betelana egin zuten bi hormen arteko zatian. Harresiak hiruzpalau metroko altuera izango zuela aurreikusten dute. 

Harresiaren ondoan, orduko biztanleek laututako lurzoru bat dago, eta etxebizitzen arrastoak daude han, muinoaren gune babesenean, hain zuzen. Oraingoz, lau bat etxebizitza identifikatu dituzte, eta erdian, zutoin bat eutsiko zuen zulo bat ere bai. 

Geruzaz geruza, altxor txikiak eta handiak

Bi zentimetroko geruzak mugituz aritzen dira arkeologoak Munoaundin lanean; hori da hango metodologia, materia "oso kaltetuta" azaltzen denez, ahalik eta informazio gutxien galdu nahi baitute. Egoera "kaskarrean" egonagatik, zeramika zati dezente ateratzen dituzte. Lehenengo, lurrazalean jartzen dituzte zeramika zatiak, eta bakoitzaren dokumentazioa jaso ostean, atera egiten dituzte. Pieza horiek, gehiago puska ez daitezen, erretxin akrilikoz bustitako gaza zatiekin estaltzen dituzte. Itsasgarri horrek bermatzen du piezak ahalik eta osoen ateratzea. 

Duela urte batzuk eremu horretan bertan aurkitu zuten Gipuzkoan orain arte topatu duten zeramika pieza oso bakarra. Janaria kontserbatzeko erabiltzen zuten ontzi bat dela uste dute. Pieza hark utzitako zuloa agerian da oraindik ere.

Merkataritza lana

Askotariko materiala topatu dute Munoaundin: errotak, lantzen puntak, zepa, arropa lotzeko paparreko orratzak... Quevedoren arabera, apaindutako paparrekoak ziren haiek, "oso landuak". Ordea, Munoaundin "luxuzko merkataritza" egiten zutela frogatzen duen beste aurkikuntza bat ere bada: pisu edo balantza bat. Horrek adierazten du han trukean aritzen zirela. "Burdin Aroan ohikoa zen materiala agertu da hemen, baina baita brontzea, pisua, beirazko lepoko aleak eta metalezko apaingarriak ere. Horrek erakusten du lau baserritar bizi ziren herri soil bat baino zerbait gehiago zela Munoaundi".

Lurra, aztertzera

Zuzendariaren hitzetan, aztarnategiaren kontserbazio maila "eskasa" da, Euskal Herri osoan bezala, lurzorua "oso azidoa" delako: "Orduko materia organikoa ez da gaur egunera iristen, egurrik ez dugu topatzen, burdina oso oxidatua agertzen da...". Kontserbazio mailak informazioa biltzea zailtzen duen arren, lurra aztertuta atera ditzakete hainbat datu baliagarri. Horretarako, lurra poltsetan sartzen dute, jaso duten puntu geografikoa zehaztuta, eta gero, flotatzen jartzen dute. Izan ere, lurrean dauden elementu batzuk ur gainean gelditzen dira; esaterako, ikatza. Ikertzaileek ikatz hori aztertzen dute gero, jakiteko zer-nolako flora zeukaten. 

Sarreretako bat identifikatuta

Aranzadik Munoaundi osoan egin ditu zundaketak, baina soilik hiru eremu induskatu ditu, partzialki behintzat. Horietako bat da Azkoitiko herrigunera begira dagoen aldea, herri harresituaren sarrera zegoena. Gaur egun bi tontor txiki antzeman daitezke han, garai batean sarrerako dorreak izan zirenenak. Handik metro gutxira iparraldera begira dagoen hirugarren eremu bat lantzen ere hasi ziren duela urte batzuk, beste sarreraren bat egon zitekeen zantzuekin. Ordea, informazio argigarririk ez zuten aurkitu, eta lanketa hori stand-by egoeran uztea erabaki zuten. Datozen urteetan helduko diote berriz eremu horri. 

"Gizakiak hiru gauza behar ditu"

"Gizakiak hiru gauza behar ditu bizitzeko: arnastea, jatea eta edatea, baina nik hemen ez dut iturririk ikusi, eta gainera, lehorreko lurra dela iruditzen zait. Nola da posible?", bota du airera Quevedok, Munoaundiren tontorretik. Irudikatu du herri harresituko orduko biztanleak etsaiengandik babesteko gotortu egin beharko zirela hainbat egunetan, eta beraz, harresiaren barruan ura izan beharko zutela. "Ziurrenik iturri natural bat izango zuten hemen, gaur egun lehortuta egon daitekeena".

Ur lekurik ez dute topatu; jateko zituzten baliabideen arrastorik, aldiz, bai: etxebizitzen ondoan, labe baten aztarnak daude. Aranzadiko kideen ustez, herri guztiak erabiliko zuen hura janaria prestatzeko.

Galderak airean

"Nik hemen zerbait ikusten dut: alde banatan multzotxo bat dago. Zer da hau?", dio Quevedok Munoaundiren iparraldera begirako zatian, sasiak hartutako bi tontortxori begira. "Zundaketak egin genituen, eta betelana agertu zen. Ebakidura bat ere egin genuen gero, eta harri handiago batzuk azaldu ziren. Esan dezaket beste bi dorre direla? Ez, baina ezta ez direnik ere. Uste dut hemen zerbait badagoela". Munoaundin galdera asko daude airean, eta nabarmena da hilerriarena: "Nonbaiten egon behar du horrek ere, baina ez dugu aurkitzen. Horixe izan da gure Akilesen orpoa". Datozen urteetan jarraituko dute zalantzak argitzeko lanetan, Quevedok dio moduan, arkeologian ez baitago galdera "absurdorik".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide