Erretratua

Eva Gonzalez: "Artean, abanikoa ahalik eta zabalen eduki nahi dut"

Naia Arrizabalaga

Eva Gonzalezen erretratua. (Egilea: Gorka Larrañaga)

Historia eta istorioak batzen ditu Eva Gonzalez zaharberritzailearen bizitzak. Artista sena barruan iltzatuta dauka, eta sormenaren alde guztiak ditu ezagun. Gaur egun, Getariako Balentziaga museoan egiten du lan zaharberritzaile gisa, baina bere kabuz ere aritzen da horretan nahiz bitxigintzan. Iraileko Azkoitia Guka aldizkariaren 'Erretratua' atalean argitaratutako erreportajea da honako hau. 

Artista, bere horretan, jaio egiten dela esaten da. Eva Gonzalezen (Palentzia, Espainia, 1989) kasuan, haurra zenetik izan du harremana hainbat arte diziplinarekin, hala nola dantzarekin, antzerkiarekin eta pinturarekin. Arteak garrantzi handia izan du bere bizitzan, eta ikasketak ere bide horretatik eginak ditu: Batxilergo Artistikoa bukatu ostean, iraganeko arteari zion estimuak bultzatuta, Kultura Ondarearen Kontserbazio eta Zaharberritze gradua egin zuen jaioterrian. Tartean, Viterbora (Italia) joan zen Erasmus programaren bidez, eta han maitemindu den oihalekin: "Handik itzuli nintzenean espezializatu nintzen oihaletan, eta gerora, eskulturan", adierazi du Azkoitiko bizilagunak. Bere kontura barneratu du grabatuaren nahiz pinturaren inguruko jakintza, eta arteari buruz duen ezagutza abaniko batekin alderatu du: "Artean, abanikoa ahalik eta zabalen eduki nahi dut". 

Orainaldia eta iragana lotzean datza bere lana, finean. Hainbat museotan ibili da lanean, tartean Bilboko Arte Ederren museoan. 2023az geroztik, aldiz, Getarian egiten du bere lan jarduna, Balentziaga museoko zaharberritzaile gisa. "Hainbat zeregin izaten ditut: dokumentazioa, erregistroa, erakusketen muntaketa…", dio Gonzalezek. Museoko erakusketak ez dira finkoak izaten, aldi baterakoa baizik, eta Gonzalezen arabera, piezek "atsedena" behar dute "ongi kontserbatuta" egon daitezen. 

Museotik kanpo, berriz, getariarren historiari estuki lotutako lan batean aritu da buru-belarri orain gutxira arte. Izan ere, Getariako Esperantza traineruak 1911n irabazitako Kontxako Bandera zaharberritu du, udalaren enkarguz. Urtebeteko lana izan da "gutxi gorabehera", eta orain, Getariako udaletxeko bilkura aretoan dago ikusgai.

Ez da nolanahikoa bandera horren esanahia getariarrentzat. Izan ere, Esperantzak bost aldiz lortu du Kontxako Bandera, baina bakarra dago gordeta: 1911koa. Udaletxeko ganbaran azaldu zen, eta zaharberritzailea buru-belarri aritu da lanean, irabazi zuenean jasotako gisan itzuli ahal izateko getariarrei. Lana "ahalik eta ondoen" egiten saiatu den arren, aurreikusi ezin zitzakeen ustekabeak izan dira tartean: "Udaletxean zeuden gainontzeko bandera guztiek errefortzurako oihal bat zeukaten barnean, eta hau zen horrelakorik ez zuen bakarra. Hori horrela, lan egiterako orduan aurreko eta atzeko oihalek bat egiten zuten, eta hariak elkarren artean nahastuta zeuden".

Zailtasunak zailtasun, "harro" dago egindako lanaz: "Historia itzuli diogu Getariako herriari", esan du hark. Mende bat eta hamabost urte pasatu dira getariarrek bandera hori etxeratu zutenetik, eta gazteentzako "oso zaharra" den arren, Gonzalezek bere lanean ikusten dituen oihalekin zein materialekin alderatuz gero, "modernoa" iruditzen zaio. Izan ere, zaharberritzailea ohituta dago pieza askoz ere zaharragoekin lan egitera. Hain zuzen, zaharberritzen dituen piezek barruan historia gordetzen dutela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkio historia eta erraiak mantentzeko apustua egin duen herriari. 

Azkoitian, banandutakoa batzen

Inguruko herrietan lanean ibiliagatik, Azkoitira ez du lanak ekarri palentziarra, familiak baizik. 2025ean heldu zen herrira estreinakoz, eta haren hitzetan, "film bat" dirudi herriarekin izan duen loturak: Getarian eta Zarautzen alokairuen prezioa "oso altua" dela eta, aitonaren lehengusu batengana jotzea erabaki zuen laguntza eske. Aitonaren lehengusu hark 13 urte zituenean utzi zuen Palentzia, eta Azkoitira etorri zen bizitzera. Berak ezagutzen ez zuen arren, haren laguntzari esker lortu zuen alokairuan bizitzeko etxe bat Azkoitian: "Etxebizitza bat eskaintzeaz gain, pintxo poterako ere deitzen didate, eta hemengo ohiturak sakratuak ari dira bihurtzen niretzat", aitortu du, barre artean. Asko espero gabe, Palentzian banandu zen familia Azkoitian batu da, eta horregatik, "oso eskertuta" dago Gonzalez. 

Azkoitia du bizileku, baina lanak joan-etorrian ibiltzera behartzen du egunerokoan; Euskal Herrian zein handik kanpo egiten du lan. Balentziaga museoan jarduteaz gain, tailer propioa ere badauka Palentzian. 2014tik autonomoa da, eta beste profesional batzuekin aritzen da elkarlanean, zaharberritze lanak egiten eta bitxigintzan: "Ni naiz taldearen burua, garraioaz zein aseguruez arduratzen naiz, eta joan-etorrian ibiltzen naiz Palentziara zein proiektuak ematen dizkiguten lekuetara". Azpimarratu du pieza historikoen garraioa ez dela nolanahiko lana izaten, eta segurtasun neurri handiak behar izaten direla horiek piezak alde batetik bestera eramateko. Besteak beste, Andre Maria irudikatzen duen eskultura barroko bat eta XVI. mendeko tapiz bat zaharberritu dituela kontatu du.

Zaharberritzen ez ezik, bitxigintzan ere aritzen da. Azaldu duenez, bilduma txikiak egiten ditu, sormenari bide emanda. Aspaldiko piezak zaharberritzen ari denean, normalean tamaina handian lan egin behar izaten du; aldiz, "edozein lekutan" lan egiteko aukera ematen diote bitxiek. Horixe da, bere ustez, jardun horren abantailarik handiena. Egiteko horretan ere badu pasadizo bitxirik Azkoitiko bizilagunak. Gogora ekarri du Esther Exposito aktoreak berak sortutako bitxiak jantzi zituela argazki saio baterako: "Kasualitatea izan zen, nire ezagun baten lagun batzuen bidez heldu ziren berarengana, baina guri ikusgarritasuna eman zigun".

Batera eta bestera, oso azkar igarotzen zaio denbora Gonzalezi, baina han edo hemen, arteak eskaintzen diona zukutzen jarraitzeko asmoa du, oraina eta iragana lotuz, eta iragana orainaldira ekarriz.

Motzean

  • Adina. 36 urte.
  • Ikasketak. Ondare Kulturalaren Kontserbazio eta Zaharberritze gradua, ehunetan eta eskulturan espezializatuta.
  • Lanbidea. Kontserbatzailea eta zaharberritzailea.
  • Kontserbatzailea eta zaharberritzailea ez banintz... artista izango nintzateke, margolaria.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... hondartzara joatea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide