Jon Osoro ingeniaria (Elgoibar, 1968) bere jaioterrian egoitza duen Added Valued Solutions (AVS) enpresaren buruetako bat da; gaur egun Azkoitian bizi da. Haiek ondutako proiektuekin espazioraino iritsi dira, AVSn sortutakoa da-eta Euskal Herriko lehen satelitea, Lur-1 deiturikoa. Beren egitekoa zehatzago aletu du Osorok.
Zein da zure egitekoa AVS enpresan?
Duela hogei urte, nire bazkideak eta biok AVS sortu genuen. Bi lagun ginen hasieran, bost izatera igaro ginen gero, eta egun, 160 langile baino gehiago gara. Nire ardura da proiektua teknikoki lantzea eta teknikoki ondo doala bermatzea. Nire bazkidea, berriz, azoketan-eta ibiltzen da proiektuak saltzen. Gure proiektuak saltzea oso zaila da, modu oso desberdinak daude-eta horretarako. Moduetako bat tender bidezkoa da, nazioartean zabaltzen diren eskaintza publikoena. Bestalde, jakiten dugu mundu mailan zer proiektu edo inbertsio dauden, eta horien bueltan ere ibiltzen gara gure proiektuak saldu nahian.
Zer helbururekin ireki zenuten enpresa? Ari al zarete aurreikuspenak betetzen?
Teknologia zentro batean egiten genuen lan nire bazkideak eta biok. Arriskua gustatzen zitzaigun, eta han horretarako aukera gutxi ikusten genuenez, AVSren istorioari ekin genion. Orain, pozik gaude; izan ere, lortu genezakeela pentsatzen genuena baino gehiago lortu dugu.
Arriskua gustuko duzula esan duzu. Zerk erakartzen zaitu zure lanbidetik gehien?
Proiektua zenbat eta konplikatuagoa izan, orduan eta nahiago nik. Lan zaila gustatzen zait; ezin dut makina baten aurrean jarri eta beti pieza sartzen eta ateratzen ibili. Gauza berriak sortzea eta diseinatzea dut gustuko. Gainera, badut gaixotasun kroniko bat ere: eskaintza berri bat aurkeztea erabakitzen badugu ostegun batean, asteburu guztia igarotzen dut buruan proiektu horri bueltaka.
"Kritikotasun handiko sistemak" diseinatzen eta ekoizten dituzue. Lurrera jaitsita, zer esan nahi du horrek?
Gurean egiten den guztia berria da, eta horregatik diogu dena kritikoa dela. Hiru arlotan banatzen dugu gure jarduna: azeleragailuen instalazioak, fusio sistemak eta espazioa. Fusio sistemen arloan, adibidez, kobrea eta altzairu herdoilgaitza erabilita inoiz egin ez diren soldadura batzuk egin ditugu. Espazioaren arloan, berriz, bi satelite espazioan elkartzeko proiektu bat dugu. Pentsa zeinen kritikoa izan daitekeen une hori, ez dakigu-eta funtzionatuko duen ere. NASAk Martera eraman zuen ekipoa ere osatu genuen, eta oso kritikoa izan zen hura ere. Atera kontuak NASAk zer nolako esperientzia duen espazioan. Egundokoak dira exijentziak edozein arlotan.
160 lagun zarete AVSn. Erraza izan al da zuentzat, esaterako, espazioaren teknologian arituko den jendea aurkitzea?
Teknologia guztiak dira kritikoak. Inguruan ez dago teknologia horietan esperientziarik, adituak bilatu behar izan ditugu, eta jende hori bilatzea oso zaila izan da. Tenerifen, Sevillan, Madrilen, Bartzelonan, Grenoblen, New Yorken... hiri askotan ditugu bulegoak. Zergatik? Guk sakondu nahi dugun eremu horretako adituak hiri horietan bizi direlako eta ez dutelako hona etorri nahi. Hori hala, aditu horien bueltan muntatu ditugu bulegoak beraien hirietan, eta lortu dugu horiek AVSri ekarpena egitea.
"Orain arte, gizateriak ez du izan gaitasunik espaziotik zaborra ateratzeko, eta orain horretarako interesa dute erakundeek"
Zein izan da enpresarentzat orain arteko mugarri garrantzitsuena?
Lur-1 satelitea [Euskal Herriko lehen satelitea] ontzea, zalantzarik gabe. Satelite horren bidez, Euskal Herriaren irudi bat lortu nahi da espaziotik. Fusio nuklearreko sistemen eta azeleragailuen instalazioetarako proiektuak ere baditugu. Esaterako, Kalifornian (AEB) badugu proiektu bat esku artean, elektronika eta mekanika uztartzen dituena. Minbizia tratatzeko hadronterapia proiektu bat lantzen ere ari gara, eta horretarako, elektronika, mekanika, kontrola eta potentzia hartu behar dira aintzat. Ordea, espaziora igoko den satelite bat egiteko, teknologia ia guztiak hartu behar dira kontuan, hala nola telekomunikazioa, mekanika, elektronika eta eguzki plakak. Gainera, espaziora igotzean funtzionatu egin behar du aparatuak, eta nola ez, Lurrarekin konexioa mantendu. Zaila da arlo hori.
Espazioari lotuta hiru proiektu dituzue esku artean. CAT misioa da horietako bat.
Bai. CAT misioaren bidez, Lurraren inguruan orbitatzen ari diren espazioko hondakinak jarraitzea, harrapatzea eta kentzea lortu nahi da. Urtero gero eta satelite gehiago jaurtitzen dira, eta horiek funtzionatzeari uzten diotenean, egoera kontrolaezina bihurtzen da. Sateliteak abiadura handian mugitzen dira, eta hori horrela izanda, areagotu egiten dira horiek elkarren aurka talka egiteko aukerak. Arazoa urtez urte hazten ari da, eta espazio agentziak espazioaren iraunkortasuna bermatzeko irtenbide bat aurkitu nahian ari dira. Hain justu, asmo horren bueltan sortu zen Europako Espazio Agentziaren (ESA) CAT misioa.
Misio horretan, ESArekin lankidetzan dabil gure enpresa. Bizitzaren amaierara iritsi den satelite bat beste satelite batekin lotzea da asmoa da; alegia, hura harrapatzea, eta bere propultsioa erabilita, berriro orbitara eramatea. Behin hori lortuko balitz, harrapatutako satelitea atmosferara sartuko litzateke, eta erretzen den heinean desintegratu, gainerako sateliteentzat arazo izateari utziz. AVSk dagoeneko eman du lehen urratsa orbitan; izan ere, 2024ko irailean jaurtitako Lur-1 sateliteak Mice deituriko interfaze lotura puntu bat darama berarekin. Hori hala, CAT sistema robotikoarekin Lur-1 satelitea Mice puntuarekin lotzea da helburua. 2030erako dago aurreikusita bi sateliteen bat egitea; erronka handia izango da, 27.000 kilometro orduko abiaduran dabil-eta Lur-1 satelitea.

Zenbateraino da larria zaborraren arazoa espazioan?
Donald J. Kessler NASAko zientzialariak 1978. urtean Kessler sindromea deituriko egoera hipotetiko bat proposatu zuen. Egundoko satelite pila dabil espazioan bueltaka, batzuk martxan, besteak matxuratuta eta beste batzuk hogei mila zatitan hautsita. Kesslerrek esan zuen, satelite horiek elkarren artean talka eginez gero, pieza horiek biderkatzen joateko arriskua dagoela. Hori gertatzen bada, atmosferak ez du zabor horiek guztiak desegiteko gaitasunik izango, eta posible da horiek lurrera erortzen hastea. Orain arte, gizateriak ez du izan gaitasunik espazioko zaborra handik ateratzeko, eta orain, horretarako interesa erakutsi dute erakundeek.
Dena den, galaxietako materia iluna jarraitzea xede duen proiektua ere ari zarete ontzen.
Arrakihs misioarekin galaxien kanpoaldea behatzea da nahia, han dagoen materia iluna jarraitzea. Materia iluna edozein materia arrunt baino bost aldiz ugariagoa izan liteke, baina ez du argirik igortzen. Materia ilun hori bere grabitateak ingurunean duen eraginaren bidez hautematen da soilik. AVS lan hori egingo duen satelitea diseinatzen ari da egun, ESArekin elkarlanean. Aldibereko irudiak hartuko dira argi infragorriarekin, eta hala, teleskopioek ikus ditzaketenak baino askoz ahulagoak diren egiturak detektatzeko gai izango gara. Satelite horren jaurtiketa ere 2030erako dago aurreikusita.
"Proiektua zenbat konplikatuagoa, orduan eta nahiago nik; [...] gauza berriak sortzea eta diseinatzea dut gustuko"
Kanaria uharteei lotuta ere baduzue beste lanketa bat martxan, ezta?
Kanaria Uharteetako Konstelazioa (CIC) deituriko misioa abian dugu, bai. Imajinatu egunero Kanaria uharte guztien (Espainia) argazkiak ateratzeko gai izatea, gainazalean gertatzen dena ez ezik, beroa, hezetasuna eta giza begiarentzat ikusezinak diren materialak atzematen dituena. Hori da CIC misioa; lurralde hori behatzeko eraikitako hiru mikrosatelite dira.
Lur-1 satelitea SpaceX suziriarekin bidali zenuten. Handia izango zen hori zuentzat.
Harrotasun handia sentitzen dugu, bai. Gauzak garbi dauzkagu, nahiz eta batzuk oharkabean ere egin ditugun. Amets handiak ditugu nire bazkideak eta biok. Proiektu guztiak ondo atera zaizkigu hogei urte hauetan, eta horrek, egia esan, lasaitasuna ematen digu. AVS teknologia arloko punta-puntako enpresa izan dadila nahi dugu. Hankak lurrean ditugu, baina handira jotzen dugu.
Ilargia, Marte, sateliteak, konstelazioak... Non ikusten dituzue aukera handienak?
Ilargiak egundoko interesa sortzen du egun. Txina Ilargira joan nahian dabil, AEBek Ilargiari buelta eman diote... Ilargian bizitzeko modua sortu nahi dute, etxeak-eta egiteko. Guk etxeak eraikitzeko blokeak egingo zituen modulu bat sortu genuen ESArentzat. Ordea, oraindik garatu gabe dago. Marte, berriz, geldirik dago; Donald Trumpek NASA geldiarazi du, diru laguntza kenduta.
Zer proiektu dituzue egun esku artean?
Bi azeleragailu, Kanaria uharteetako konstelazioena, CAT misioa... Espaziorako ere proiektu ugari ditugu, txikiagoak, satelite baten edo espaziorako elementu baten zati bat garatzekoak. Beste proiektu interesgarri bat ere badugu: satelite batek produktu likido korrosibo bat behar du mugitzeko, eta satelite hori kargatzea da gure nahia. Beste satelite baten bitartez, behar duen sateliteari likidoa sartzea da helburua. Oso proiektu interesgarria da, baina ikerketa fasean gabiltza murgilduta orain.
Nola irudikatzen duzu AVS hamar urte barru?
Espero dut satelite mailan esperientzia eta fidagarritasun handia izango dituen enpresa izango dela. Mundu horretan daude erronka eta etorkizun handienak, eta hor izan dezakegu aukera. Mundua satelite gero eta handiagoen bila doa, Internet edo 5Ga satelite bidez jartzeko sekulako satelite handiak beharko dira, eta halakoak egiteko gaitasuna izatea nahi genuke.