Soinua ez da isiltzen

Iraia Oteiza

Epelde, Landakanda, Egurrola, Montte, Laja eta Iturbide, ospakizun batean. (Utzitakoa)

Azkoitiko trikitiaren historia plazetan, baserrietan eta etxe barruetan idatzi da; soinuaren eta panderoaren bueltan sortutako familiek eta belaunaldiek bizirik eutsi diote herriko musika ondareari. Aurrekoen doinuak gaurko trikitilarien eskuetara iritsi dira, eta haiek, beren erara, hurrengo belaunaldiari transmititzen ari dira. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau. 

Azkoitian soinua ez da inoiz instrumentu hutsa izan. Baserriko atarietan, auzoetako erromerietan, etxeetako ganbaretan eta herriko plazetan bizi izan da. Belaunaldi batek besteari irakatsi dio; batzuetan aitak semeari, beste batzuetan maisuak ikasleari, eta, bide horretan, izen eta familia askok egin dute soinu txikiaren historia. Tomas Soraluze Epelde da horietako bat. Abuztuan hil zen hura, baina haren soinua ez da isildu: haren inguruan eraikitako harremanek, ikasitako doinuek eta Azkoitiko trikitilari belaunaldi berriek jarraitzen dute haren oihartzuna zabaltzen.

Izer baserriaren atarian erromeriak egiten ziren garai batean. Iosu Arrizabalaga Izer-ek askotan entzun du etxean haren aitona soinuarekin eta Luis Alberdi Zabale panderoarekin aritzen zirela han. Lehenago, berriz, emakumeak baserriaren ganbaran elkartzen ziren, bi pandero hartuta, abesteko eta beren erromeria egiteko. Gizonek kanpoan egiten zuten dantzarako eta festarako tartea; emakumeek, ganbaran. 

Istorio horiek ez dira Izerrentzat urruneko pasadizoak. Bere etxeko egongelan bertan dauka Azkoitiko trikitiaren memoria. Soinuak daude nonahi: garai eta tamaina ezberdinetakoak, zaharrak eta berriak, oparitutakoak, bidaietan aurkitutakoak. Argazkiak ere bai, asko. Laja, Landakanda, Alabier, Epelde… Eta, haien artean, bere aita Manuel Arrizabalaga Izer, iaz bat-batean hil zitzaiona. Etxeko txokoak, nolabait, soinua jotzen jarraitzeko arrazoi bihurtu zaizkio. "Baxu nago, umorerik gabe", aitortu du. Baina argazki horiek, oroitzapenek eta etxean bildutako soinuek aurrera egiteko indarra ematen diote.

Izer baserriaren atarian erromeria. Atzean, Joxe Arrizabalaga 'Izer' soinua jotzen. (Utzitakoa)

Epelde ere hor dago, argazkien artean. Izerrek "alaitasun hutseko gizon" bezala gogoratzen du. "Beti zegoen alai, bakean. Ezagutu dudan leku eta une guztietan horrela zegoen. Beti laguntzeko prest". Epelde hil berritan, hitz horiek are esanahi handiagoa hartu dute. Izan ere, Azkoitiko trikitiaren historia ez dute soilik doinuek eta errepertorioek osatzen, pertsonen arteko harremanek, laguntasunek eta plazetako ordu luzeek ere bai. 

Azkoitian ez da kasualitatea hainbeste trikitilari familia izatea. Izerrek berak etxetik jaso zuen soinurako zaletasuna. Aitak panderoa jotzen zuen, nahiz eta soinua jotzen ere bazekien; aitonak eta osabak ere soinua jotzen zuten. Urte batzuk geroago, Izerrek ere soinuari heldu zion, baina panderoa izan zuen aurrena gogokoen. "Gure amak kontatzen du 2 urte nituela denda bateko erakusleihoan pandero bat ikusi eta hura eskatzen hasi nintzela. Harrezkero, hura izan omen zen nire jostailua", kontatu du. 

Aitak irakatsi zion panderoa jotzen. "Panderoa jotzea ez da zaila; zaila da trikitilari batek alboan izatea laguntzen duen pandero jotzailea", azaldu du. "Panderoa perkusioa da, eta perkusioa oso garrantzitsua da talde batean. Alboan nor daukazun, horrek egiten du aldea".

Etxetik plazara

Musika etxe barruan ez ezik, auzoetan ere ikasten zen. Baserrietako doinuak plazara jaisten ziren, eta plazak ziren, azken batean, Azkoitiko trikitiaren eskola nagusia.

Xabier Alberdi Zabale ere baserri giro horretatik dator. Haren familian, musikariak ugariak izan dira: amaren aita pandero jotzailea; osaba trikitilaria; aita ere panderoarekin aritzen zen. "Odoletik" datorkiola dio. 10 urte inguru zituela hasi zen soinua jotzen. Txistua izan zuen lehen instrumentua, baina soinuak erakarri zuen. Epelarre izan zuen irakasle, eta osaba eta aita erreferente. 12 urterekin hasi zen txapelketetan, bere anaia Ibonekin batera. 

Ibon eta Xabier Alberdi 'Zabale' anaiak eta Lurdes Alkorta emanaldi batean. (Utzitakoa)

Txapelketetako oroitzapen onak ditu, baina plazak eta erromeriak izan dira Azkoitiko trikitiaren benetako transmisio guneak. "Gure garaian gehiago aritzen ginen soinua jotzen zaletasunagatik", dio Zabalek. Trikitilari zaharragoak ezagutzen zituzten, erreferenteak zituzten eta haiengandik ikasten zuten. Gaur egun, ordea, beste egoera batean ikusten du herria. Musika eskolan 50 ikasle ditu, eta itxaron zerrendak ere izaten dira. Trikitiak badu osasuna, beraz. Baina, Zabaleren arabera, ikasle askorentzat soinua "instrumentu bat gehiago da", eta ez dute aurreko belaunaldiek zuten ingurune bera ezagutzen.

Jose Luis Garmendia Laja ere horren lekuko da. Bere etxean soinua beti egon da: aitonak jotzen zuen; aitak, Iñaki Garmendia Laja-k, are gehiago; eta anaiak ere panderoa jotzen zuen. "Gure etxean umetatik beti izan da soinua", dio. 7-8 urterekin hasi zen Garmendia trikitiarekin. Aitak, gainera, beti gogorarazten zion ikasketa hark lana eskatzen zuela. Beti. "Gure aitak zioen soinua jotzen ikasteak ez duela amaierarik, eta halaxe da. Pieza berriak ikasi behar dira, errepertorioa eguneratu, eskuak landu, memoria mantendu. Eta batez ere, egunero jo", dio Lajak. 

Lehen, egun osoko erromeriak izaten ziren, eta mila piezako errepertorioa izatea ez zen gehiegikeria. Gaur egun, berriz, ordu eta erdiko saioetan publikoak ez du ia etenik nahi izaten: pieza bat bukatu eta segituan bestea. Eta jendeak badaki zer entzun duen eta zer falta den. Lajaren arabera, "jendea ez dago barkatzeko". Aristerrazu da horren adibide argiena. Han plaza ez da soilik entzulea; dantzaria eta, nolabait, epailea ere bada. 

Izer baserrian erromerian egiten zituzten garai batean. Gizonek atarian egiten zuten dantzarako tartea; emakumeek, ganbaran

Lajaren kasuan, gainera, aitaren izena bizkarrean darama. "Harri bat daramat gainean, aitak utzitakoa. Baina harri ona da". Jose Luisek badaki bere aitarekin alderatzea saihestezina dela, baita Iñaki Garmendia Laja-ren mailara iristea "ezinezkoa" dela ere. Hala ere, aitaren bide beretik segitu nahi izan du, haren abizenak jarrai dezan, eta soinua izan da horretarako heldulekua. 

Manuel eta Iosu Arrizabalaga 'Izer' aita-semeak Aristerrazuko oholtzan, aitona zenaren soinuarekin, San Jose egun batean. (Utzitakoa)

Aitaren heriotzaren ondoren, haren musika ez galtzeko lanari ekin zion Jose Luisek. Iñaki Garmendiak ehunka grabazio zituen kasetetan. "700 bat pieza bazeuden", kontatu du semeak. Horietatik 40 aukeratu zituzten Ordu txikitako saioak disko bikoitza osatzeko. Grabazio horiek, ordea, ez dira diskoa osatzeko bakarrik, memoria gordetzeko ere badira. Jose Luisek badaki, berak ikasi ezean eta ondoren ikasleei irakatsi ezean, grabazioetan soilik geratuko direla doinu horietako asko, baina ez direla berriro plazan entzungo. "Gure belaunaldiko trikitilariak joandakoan, bizpahiru mila bat pieza gurekin batera joango dira". Gazteak indartsu datoz, haren ustez, baina beste era batera jotzen dute soinua: ordu eta erdiko saioak, gaurko abestiak, pieza berri eta modernoagoak. Lehenagoko egun osoko erromerietako errepertorio erraldoia ez dute zertan behar. 

Xabier Azpiazu Garixe ez da horren aurrean ezkor. 12-13 urte zituela hasi zen soinua jotzen, eta Iñaki Laja izan zuen maisu. Haien baserrian bazen soinurik, inork jotzen ez zuenik, eta harekin hasi zen Garixe soinua jotzen.

Izer: "Trikitilariak alboan panderoa jotzen nor duen, horrek egiten du aldea"

Lehenengo erromeria Arriben (Nafarroa) gogoratzen du, Txibilterrekin batera. Ordutik, plazak, festak, oilasko biltzeak eta egun osoko lanak izan dira. "Goizeko seietan hasi eta baserriz baserri, bazkaldu eta berriro segi, eta gauean berriz. Nekagarria da, baina soinu jotzaileak prest joan behar du. Pieza asko buruan, errepikatu gabe. Eta horretarako etxean jardun egin behar da". Lajaren eskolatik dator pentsaera hori.

Xabier Azpiazu 'Garixe', Maider eta Leire Garate, Jose Luis Garmendia 'Laja', Iosu Arrizabalaga 'Izer' eta Xabier Alberdi 'Zabale'. (Iraia Oteiza)

Plazak aldatu dira. Publikoa aldatu da. Dantza egiteko modua ere bai. COVID-19aren pandemiaren ostean, bereziki, Izerrek aldaketa batzuk sumatu ditu. Erromerien ordutegiak aldatu egin dira; gazteak gehiago biltzen dira; eta fandangoa, arin-arina eta batez ere dantza sueltoaren presentzia handitu egin da, dantza lotuaren garai bateko indarra jaitsiz. Garixek ere antzeko irakurketa egiten du: gazteak gogotsu datoz. Eta horrek jarraitzeko gogoa ematen du.

Emakumeak ere badira

Bada Azkoitiko trikitiaren historian askotan bigarren planoan geratu den beste hari bat: emakumeena. Soinu txikia iritsi aurretik ere emakume pandero jotzaileak bazeuden. Garixeren amonaren amona, esaterako, Martirietako plazan panderoa jotzen eta koplak kantatzen aritzen omen zen. Izerrek kontatzen duen Izer baserriko ganbarako istorioak ere erakusten du emakumeek beren espazioak sortzen zituztela. Ez beti plazan. Ez beti jendaurrean. 

Laja: "Soinua ikasteak ez du amaierarik: pieza berriak ikasi behar dira, eta, batez ere, egunero jo"

Kandido Beristain Norberta-ren alabak, Antonita Beristainek, badu horren lekukotasun esanguratsua. Aitak erakutsi zion soinua jotzen. Etxean jotzeko. Ez plazan. Antonita, ordea, Urrategiko festetan soinua jotzen hasi zen. 14-15 urte inguruko neska bat, aitarengandik ikasitako instrumentuarekin, plazan. Aita Urrategira bidean zihoala, alaba soinua jo eta jo ari zela esan zioten. Ez omen zitzaion batere gustatu. Eta egun hartatik aurrera ez zion gehiago soinua jotzen irakatsi. Hala, Antonitak soinua utzi egin zuen. 

Urteek aurrera egin dute, eta Urrategiko istorioa errepikatu egin da, baina debekurik gabe. Izan ere, Antonitaren bi biloba, Leire eta Maider Garate ahizpak, soinuaren eta panderoaren bueltan dabiltza jo eta su. Maiderrek soinua hartu zuen lehenik. Amak animatu zuen, Azkoitian hainbeste trikitilari izan zirela eta amona ere soinuarekin ibili zela kontatuta. Bospasei urte dira hasi zela. Eta amonak izugarrizko poza hartu zuen biloba soinua jotzen hasi zela jakin zuenean. Leire, gero, panderoarekin hasi zen, "ahizparekiko jeloskortasun puntu batek bultzatuta", dio berak barrez. Bi ahizpek elkarrekin jotzea polita izango zela pentsatu zuen.

Antonita Beristain. (Euskal Herriko Trikitixa Elkartea)

2026ko uztailaren 12an, Urrategiko festetan, Garate ahizpek beren lehen saio berezia egin zuten oholtza gainean, biek bakarrik. Amona gaztetan bezala, Urrategin. Ez ziren, ordea, amonaren historia errepikatzera joan, historia hari beste kapitulu bat gehitzera baizik. "Hasieran urduri geunden. Lehen aldia zen plazan biok bakarrik aritzen ginela, alboan beste inor gabe, baina etxean bezala jotzea pentsatu genuen. Etxean entseatu genuen goiz hartan bertan, eta horrek lasaitu gintuen".

Garate ahizpak: "Zenbait lekutan gizonei bakarrik ematen diete oholtzara igotzeko aukera"

Amonak lotsa alde batera utzi eta plazan aurrera egin zuen behin. Bilobek ere egin dute. Aldea, ordea, nabarmena da. "Gaur egun neskak gehiago dira musika eskolako trikitilari gazteen artean", dio Zabalek. Garate ahizpek ere inguruan neska trikitilari asko ezagutzen dituzte, eta hamar bat neskako talde bat osatu dute. Baina oraindik badira oztopoak. "Emakumea ez dago oraindik oso ondo ikusita plazan", diote. "Kalejiretan, oraindik ere, gizonak dira nagusi, eta zenbait lekutan gizonei bakarrik ematen diete oholtzara igotzeko aukera", azaldu dute. Eta ahizpek argi dute: laguntza behar da. "Neska gazte asko daude kalejiran aterako liratekeenak, baina bakarrik geratzen dira askotan, inork ez dielako laguntzen".  

Badago beste joera bat ere: neskak panderoarekin eta mutilak soinuarekin ikustea ohikoagoa da oraindik. "Hori ere aldatu beharra dago". Leirek orain soinua ikasi nahi du; Maiderrek panderoa jotzen ere badaki. Biak bi instrumentuak jotzeko moduan izango dira laster. Eta horrek, Antonitaren istorioari beste amaiera bat emango dio. Aitak ez zion soinua jendaurrean jotzen utzi. Bilobek, aldiz, amonak aurreneko eta azkeneko aldiz jo zuen leku berean jo dute soinua, Urrategiko plazan, jendaurrean.

Garixeren amonaren amona, Martirietako plazan panderoa jo eta koplak kantatzen zituena. (Utzitakoa)

Horregatik, Azkoitiko trikitiaren historia ezin da soilik trikitilari ospetsuen izenekin kontatu. Historia baserrietako atarietan ere badago, Izer baserriaren ganbaran, Martirietako plazan, Urrategiko festetan, garajean gordetako kasetetan, maisuak irakatsitako doinuetan eta bilobak amonak ireki ezin izan zuen atea zabaltzen duenean.

Tomas Soraluze Epelde hil berritan, belaunaldi batek haren hutsunea igarriko du. Baina Azkoitian hutsuneak ez dira erabat hutsik geratzen: batek utzitako tokian beste batek hartzen du soinua, maisu batek erakutsitako doinua ikasle batek eramaten du plazara, eta amona baten istorio isilak biloben eskuetan aurkitzen du jarraipena.

Izerrek badu horren irudi eder bat: Aristerrazun, aitonaren soinua eskuetan eta aita panderoarekin alboan. Hiru belaunaldi oholtza berean. Aitona ez zuen ia ezagutu, baina soinuak lotu zituen. 

Horixe da Azkoitiko trikitiaren sekretua: soinua jotzea baino gehiago dela. Plazari begiratzea da, une bakoitzean zer behar den asmatzea, jendea dantzan jartzea, maisuaren doinua gordetzea, aitaren izena eramatea, amonaren historia ez ahaztea eta, batez ere, soinua esku batetik bestera pasatzea. Epeldek, Lajak, Izerrek, Zabalek, Kandido Beristainek, Antonitak eta haien ondorengoek egin duten bezala. Izan ere, Azkoitian, soinua ez da belaunaldi bakoitzean berriro hasten. Aurrekoaren oihartzunetik abiatzen da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide