Nola suertatu zitzaizun Orlandora bizitzera joateko aukera?
Italian zesta-puntan jokatzen nuen West Palm Beachetik gutun bat jaso nuenean, bertara jokatzera joan nahi nuen galdetuz. Nolako poza hartu nuen! West Palm Beachen hamar urte egin nituen, eta handik Orlandora joan nintzen, hara ere pilotan jokatzera. Orlandon erretiratu nintzen, eta han bertan hasi nintzen lanean, entrenatzaile eta masajista gisa. Beste hamar urtez aritu nintzen lanean, frontoia itxi zuten arte. Hala ere, etxean masajeak ematen jarraitzen nuen, jendeak eskatu egiten zidan eta. Orain, ordea, zahartuta nago, eta leku ederretatik paseoak egitera mugatzen naiz.
Nola gogoratzen duzu AEBetara joan zinen lehen aldia?
Beldurgarri ederra izan zen. Euskal Herritik hona etortzean askatasuna sentitzen zen; jendea ere oso jatorra zen. "Nora etorri gara?", pentsatzen genuen. Gainera, gu oso ondo tratatzen gintuzten, agian, pilotariak ginelako. Izan ere, nik abantaila bat ere banuen: izena. Atano izenarekin jokatzen nuen, eta jende askok ezagutzen zuen Atano; beraz, guztiek galdetzen zidaten ea noren semea nintzen. Inoiz ez dut arazorik izan, ezta nire lagunek ere.
Nola aldatu da hango egoera?
Zera esan nion behin hemen bizi den Astigarragako [Gipuzkoa] lagun bati: "Zer iruditzen zaizu gaur egungo mundu hau? Gu etorri ginenean zerua zirudien, eta orain badakizu zer ematen duen? Infernua". Horrekin dena esanda dago. Hain herrialde handia izanik, askotan ezin diogu guztiari jaramonik egin, baina hemen gertatzen diren tiroketak, hildakoak, droga trafikoa… desastre hutsa dira. Eta hori guztia nork konpondu behar du beraiek direnean txarrenak? Guk, zorionez, geure bizimodua egiten dugu eta lasai bizi gara.
Familia eta lagunak gertu al dituzu?
Semea eta alaba hemen ditut, baina horiek helduak dira eta herrialdean zehar dabiltza. Bestalde, hemen jendeak ez du elkar asko ezagutzen; bizilagunak agurtu egiten ditugu eta gutxi gehiago, nahiz eta batzuekin adiskidetasun handia dugun. Nire moduan AEBetara etorri ziren pilotari asko daude hemen; lagun minak gara eta euskarari eusten diogu.
Zein da Orlandon eta Azkoitian bizitzearen arteko alderik handiena?
Azkoitia txikia denez, jendea besteek egiten duten guztiaz jabetzen da. Hemen ez dago horrelakorik, ez da inor inoren bizitzan sartzen; guk geure bizimodua egiten dugu, eta aurrera. Emazteari esaten diot izugarrizko zortea daukagula, paradisuan baino hobeto bizi garela. Etxean portxe bat dugu, eta han egoten gara denbora luzez; ez da zarata bat bera ere entzuten.
Zer du aipagarririk Orlandok?
Disney World. Dozena erdi bat aldiz joango nintzen, etxekoak Euskal Herritik etortzen ziren bakoitzean. Baina nik jada ez dut hara joateko gogorik: ikaragarri handia da, eta nekagarria. Umeentzat egindakoa da, baina umeek ezin dute bakarrik joan, eta hor dago negozioa. Inguruko hotel guztiak ere horretara bideratuta daude.
Azkoitiko zeren faltan sumatzen duzu?
Hemen eguraldi ederra egiten duen arren, eta negua ere ederra izan ohi den arren, ez dago mendirik, dena laua da. Mendian asko ibilitakoa naiz; oraindik ere begiak itxita igoko nuke Izarraitz.