Azkoitiko Udalak bi urtero berritzen dituen zinpeko epaimahaiak eguneratuko ditu aurten, eta epaimahai berriak osatzeko zozketa egingo du irailaren 28an. Horretarako, hilaren 10etik 17ra bitartean ikusgai izango da hautesle erroldaren zerrenda.
Erakundearen arabera, indarrean dagoen erroldak irailaren 16an adin nagusikoak diren hautesle guztiak biltzen ditu, eta beraz, hilaren 28an horien guztien artean egingo du zozketa epaimahaietarako hautagaien zerrendak osatzeko.
Behin zozketa eginda, erreklamazioak aurkezteko epea agortu ondoren jendaurrean jarriko dute zerrenda. Urriaren azken hamabostaldian izango da hori, eta ondoren behin betiko zerrenda osatuko dute.