Marokoko gastronomiarekin hasi dute munduko sukaldaritza ikastaroa

Ane Olaizola

Munduko jakien ikastaroa hasi zuten atzo Elkargunean, eta lehen saioan, Marokoko hainbat errezeta prestatu zituzten. Gaur, Saharako mechui jakia kozinatuko dute hainbat sahararren eskutik. Izena eman daiteke oraindik. 

Munduko jakiak kozinatu eta dastatzeko aukera dute herritarrek aste honetan, Azkoitiko Udalak antolatu duen ikastaroaren bidez. Atzo, astelehena, hasi zuten ikastaroa, eta lehen saioan, Marokoko gastronomia ezagutzeko aukera izan zuten Elkarguneko sukaldean elkartu zirenek, herrian bizi diren hainbat marokoarren eskutik.

Herrialde horretako hainbat errezeta prestatu zituzten saioan, ondoren mahaiaren bueltan guztiek dastatzeko. Modu horretara egingo dituzte hurrengo saioak ere, baina beste herrialde batzuetako jakiak landuko dituzte egunez egun: gaur, Saharako mechui jakiaren errezeta prestatuko dute; bihar, nem jaki afrikarra; eta ostegunean, azkenik, Euskal Herriko gastronomia izango dute ardatz, marmitakoa prestatuz. Saioetara joateko izena eman daiteke doan, hemen. 

Hilaren 20an Azkoitian ospatuko duten Kulturartekotasun Jaiaren harira antolatu du erakundeak beste urte batez egitasmoa. Egun horretan ere munduko sukaldaritzak bere tartea hartuko du, herrian bizi diren hainbat herrialdetako komunitateen eskutik, eta beste hainbat jarduera ere egingo dituzte. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide