Asier Ostolaza mendi lasterkariak Carreña Trail mendi lasterketa irabazi zuen atzo, igandea, Carreña de Cabrales herrian (Asturias, Espainia). Azkoitiarrak 03.36.54 denboran osatu zuen 29 kilometroko eta 2.200 metroko desnibel positiboa zuen proba. Santi Peña sailkatu zen bigarren, eta Xabier Etxabe hirugarren, biak azkoitiarrarengandik 23 minutu eskasera.
Ostolazak Ion Artetxe iazko irabazlearekin batera osatu zuen lasterketaren zati nagusiena, baina probaren azken jaitsieran orkatila bihurritu zuen azken horrek, eta ezin izan zuen lasterketa amaitu. Hori horrela, Ostolazak bakarrik egin zituen azken kilometroak, eta bigarrenari nahiz hirugarrenari tarte zabala aterata lortu zuen garaipena.
Gainera, ekaitz bat tarteko proba behar baino lehenago eten zuten. Lasterketaren buruan ziren lehen bost parte hartzaileek soilik osatu ahal izan zuten proba bere osotasunean, ibilbideko azken gaina igarota zeudelako. Gainerako parte hartzaileek bestelako ibilbide bat eginda osatu behar izan zuten helmugara arteko tartea, aurreikusitako bidea moztu eta gero.