Aurtengo Inazio Iriarte kale margo lehiaketara aurkeztutako hogeita lau lanekin erakusketa zabaldu du Azkoitiko Udalak Portaleburu erakusketa aretoan. Atzo ireki zuten eta asteburu honetan nahiz hurrengoan egongo da ikusgai, ostiraletik igandera bitartean. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik herriko plazako aretoa; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara irekiko dute; eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.
Lehiaketaren 43. aldia izan da aurtengoa, eta abuztuaren 17an egin zuten, Andremarietako Baserritarren Egunean. Lehiaketa egin zen egunean bertan banatu zituzten sariak. Granadako (Espainia) Adrian Marmolejoren lanak irabazi zuen aurreneko saria; bigarren saria Artziniegako (Araba) Fernando Uretarentzat izan zen; eta hirugarrena, Mungiako (Bizkaia) Carlos Uriagerekarentzat. Azkoitiko hainbat txoko irudikatzen dituzten lanez osatuta dago erakusketa. Lanak ikusteaz gain, horiek erosteko aukera ere egongo da, bakoitzagatik gehienez 500 euro ordainduta. Hain justu, hiru lan salduta daude jada.
Inazio Iriarte 43. Kale Margo Lehiaketaren epaimahaiko kideak Xebas Larrañaga, Gorka Larrañaga, Udane Juaristi, Valentin Manterola, Sonia Vazquez eta Iraitz Otaño izan ziren.