Emakumeak ahalduntzeko datozen ikastaroetan izena eman daiteke

Ane Olaizola

Arteterapia.

Irailetik abendura bitartean zazpi ikastaro eskainiko ditu udalak, eta horietan parte hartu nahi duenak hilaren 28a baino lehen du aukera. 

Emakumeei zuzendutako ahalduntze ikastaroak prestatu ditu Azkoitiko Udalak datorren sasoirako, eta irailetik urtea amaitu bitartean eskainiko dituen tailerren berri eman du. Guztira, honako zazpi ikastaro hauek emango dituzte: Hitz-ahalduntzen, haurdunaldirako yoga, erditu ondorengo yoga, Berdintasunari Puntadak Ematen –puntua eta kakorratza edo joskintzan–, Upcycling Joskintza Eraldatzailea, arteterapia eta xilografia. 

Dagoeneko eman daiteke izena ikastaroetarako, eta hilaren 28a izango da azken eguna. Horretarako, udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan joan daiteke, edo azkoitia.eus webgunera jo. Ikastaroen gaineko informazio gehiago, berriz, 943-54 20 14 telefono zenbakira deituta edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatzita lor daiteke. 

Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, emakumeei zuzendutako egitasmo hau "jarduera zehatzetik haragokoa" da, helburua baino, "bitarteko bat" baita. "Elkarreraginaren eta parte hartze sozialaren bidez emakumeek autoestimua eta konfiantza lantzeko topaguneak dira. Balio berdinzaleen kontzientzia hartzeko guneak dira, eta azken batean, emakumearen ongizatea sustatzen da ", esan du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide