Azkoitiko Udalak herriko auzoetako baserrien seinaleak berritzen jarraitzen du. Erakundeak duela bi urte ekin zion seinale eredu berriak jartzeari; Urrategi auzoan jarri zituzten lehenak. Aurtengo otsailean, berriz, Madariaga auzoan egin zituen lanak erakundeak, eta orain, Martirieta auzoko baserrien seinaleak jarri ditu.
Udalak adierazi duenez, azken lan horien aurrekontua 18.085 eurokoa izan da. Guztira, 26 zutoin jarri dituzte hamalau seinaleztapen punturekin. Era berean, zortzi baserriren kokalekua azaltzen duen beste panel bat ere jarri dute. Erakundeak azpimarratu du aurrez Martirieta auzoan zeuden seinaleak "zaharkituta" zeudela. "Landa eremuetako seinaleak 2005ekoak dira eta zaharkituta geratu dira; tartean, batzuk desagertu ere egin dira".
Gainera, udalak nabarmendu du landa auzoetako seinale guztiak "faseka berritzen jarraitzeko asmoa" duela aurrerantzean ere. "Baserriak aurkitzea eta baserrietara iristea errazagoa egiteko ipini dira seinaleak, baserri bideak hobetzeko planaren barruan".