Kontxako Banderaren lehian izango dira Joanes Balenziaga eta Unax Andueza arraunlariak

Andoni Elduaien 2026ko irailaren 3a

Andueza, atzo, sailkapena ospatzen. (Ondarroa arraun elkartea)

Donostiarra taldean diharduen Balenziagak ez zuen atzoko sailkatze proban parte hartu beharrik izan, baina bai Ondarroan aritzen den Anduezak. Igandean jokatuko dute Kontxako Banderaren lehen asteburua, eta txanda berean arituko dira Azkoitiko arraunlarien traineruak. 

Bi arraunlari azkoitiar Donostiako Kontxako badiako uretan izango dira datozen bi igandeetan. Donostiarra taldeko Joanes Balenziagak (Azkoitia, 1996) eta Ondarroa taldeko Unax Anduezak (Azkoitia, 2003) Kontxako 131. Bandera lortzeko borroka egingo dute.

Eguraldi paregabearekin eta itsas baldintza egokiekin jokatu zuten gizonek atzo, asteazkena, Kontxarako sailkatze proba. Ezusteko gutxi utzi zituen atzoko hitzorduak; izan ere, Eusko Label ligaren sailkapenean lehen zazpi postuetan diren traineruek lortu dute Kontxako Bandera jokatzeko sailkatzea: Zierbenak, Oriok, Hondarribiak, Bermeok, Getariak, Lekittarrak eta Ondarroak. 

Donostian jokatuko ohi den proba izanik, hango Donostiarra taldeak ez du sailkatze proban parte hartzen; sailkatze probako lehen zazpi traineruekin batera lehiatzen du Donostiarrak Kontxako Bandera. Hori hala, Balenziagak ez zuen atzo uretara sartu beharrik izan. Bai, ordea, Anduezak. Haren taldea sailkapenean zazpigarrena izan zen, sailkatuen eta kanpoan geratutako taldeen arteko muga ezarriz. Zierbenak egin zuen atzo denborarik onena (20.11,08), eta Ondarroak hamazazpi segundo gehiago behar izan zituen (20.28,62). 

Txanda berean

Igandean jokatuko dute Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta dagoeneko zehaztu dituzte bi txandak. Bai Balenziagak, bai Anduezak A txandan aritu beharko dute, Oriorekin eta Getariarekin batera. B txandan arituko dira, bestalde, Lekittarra, Zierbena, Hondarribia eta Bermeo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide