Andremarietan sortutako lanak, ostiraletik Portaleburun ikusgai

Aitziber Arzallus 2026ko irailaren 2a

Abuztuaren 17an Portaleburun bertan egin zuten sari banaketa, aretoa jendez lepo zela. (Aitziber Arzallus)

Aurtengo Inazio Iriarte margo lehiaketara aurkeztutako lanak plazako erakusketa aretoan zintzilik egongo dira datozen bi asteburuetan, eta horiek erosteko aukera ere egongo da.

Gaur inor ez da akordatzen atzo estreinatutakoarekin, eta biharko zaharkitua geldituko da gaur berri-berria dena. Etengabe pizgarri bila eta molde berrietan aztarrika, horrela bizi da herritarren zati handi bat. Horregatik, deigarri eta guzti egiten da ekitaldi baten, edozein eratakoa dela ere, berrogeigarren edo berrogeita hamargarren aldia gauzatzea, eta gainera, hori arrakastaz egitea. Baina oraindik badira horrelakoak ere, Azkoitiko Inazio Iriarte Margo Lehiaketa kasu. Abuztuaren 17an egiten dute, andremarietako Baserritarren Egunean, eta aurten 43. aldia izan du. 

Hogeita lau lagunek parte hartu zuten, eta horietako hainbat ez ziren berta-bertakoak. Izan ere, Euskal Herriko hamaika tokitako artistak ez ezik, baziren Iberiar penintsularen beste muturretik etorritakoak ere. Esate baterako, sari nagusia Granadako (Espainia) artista batek irabazi zuen, Adrian Marmolejok. Bigarren saria Artziniegako (Araba) Fernando Uretarentzat izan zen; eta hirugarrena, Mungiako (Bizkaia) Carlos Uriagerekarentzat. 

Aurkeztutako lanen kalitatea nabarmenduta eta horri garrantzirik kendu gabe, parte hartzaile kopurua eta horien jatorria ere aurtengo edizioaren arrakasta neurtzeko datu esanguratsuak iruditzen zaizkio Azkoitiko Kultur Elkarteko kide Juan Bautista Mendizabali –elkarte horrek eta Azkoitiko Udalak elkarlanean antolatzen dute lehiaketa–. "Are gehiago, joera orokorra zein den kontuan izanda; izan ere, azkenaldian, parte hartzaileen kopuruak murriztera egin du kaleko pintura lehiaketetan". Azkoitian iaz antzeman zuten beherakada, hamabi lagunek besterik ez baitzuten parte hartu, baina aurten atzera ohiko kopuruetara bueltatu dira, eta horregatik, "pozik" dago Mendizabal. Ziur asko sariek ere izango dute horretan eraginik, Azkoitikoak inguruotako mardulenak baitira. Aurten, 1.350 euro jaso ditu irabazleak; 1.000 euro, bigarren egin duenak; eta 500 euro, hirugarrenak.

Abuztuaren 17an bertan egin zuten sari banaketa ekitaldia Portaleburun, eta aretora bertaratu zirenek izan zuten aukera lehiaketara aurkeztutako lanak ikusteko. Gogoz gelditu zirenek, berriz, ostiraletik aurrera izango dute abagunea, margolan guztiak han bertan jarriko baitituzte ikusgai datozen bi asteburuetan: ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara. Ikusteko ez ezik, lanak erosteko aukera ere egongo da, gehienez 500 euroren truke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide