Munduko janariak prestatzen ikasteko saioak egingo dituzte datorren astean, Elkargunean

Andoni Elduaien 2026ko irailaren 2a

Lagun askok parte hartu zuten iaz egindako ikastaroan. (Udala)

Marokon, Saharan, eta, oro har, Afrikan ohikoak diren platerak prestatzen ikasteko saioak eskainiko dituzte datorren astelehenetik asteazkenera bitartean. Ostegunean, berriz, marmitakoa prestatzen irakatsiko dute. Ikastaroa doakoa da, baina nahitaezkoa da aurrez izena ematea.

Azkoitiko Udalak antolatuta, Munduko Janariak ikastaroa egingo dute datorren astean, Elkargunean. Hain justu, astelehenetik ostegunera bitartean egingo dituzte saioak Elkarguneko sukaldean, 16:00etatik 18:00etara bitartean. Iaz bezala, hilaren 20an Azkoitian ospatuko duten Kulturartekotasun Jaiaren barruan antolatu dute doako sukaldaritza ikastaroa.

Egun hori aintzat hartuta, herrialde jakin batzuetako plater tradizionalen errezetak erakutsiko dituzte herrialde horietatik Azkoitira etorritako kideek: hilaren 7an, astelehenez, Marokoko gastronomian murgilduko dira parte hartzaileak; hilaren 8an, asteartez, Saharakoan; hilaren 9an, asteazkenez, Afrikan ohikoak diren platerak prestatuko dituzte; eta hilaren 10ean, ostegunez, marmitakoa prestatuko dute. 

Hamar laguneko taldeak osatu nahi dituzte antolatzaileek, baina aski izango da bost lagunekoa osatuz gero ere. 16 urtetik gorako herritarrek eman ahalko dute izena, eta horretarako, honako lotura honetan dagoen galdetegia bete beharko dute. Udalak azaldu duenez, ez da beharrezkoa izango saio guztietan parte hartzea; eguna edota janari mota aukeratu ahal izango dira galdetegia betetzean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide