Koartzaren hegaldia, kilkerrak, ipurtargiak eta amapolak Aizpurutxon

Mailo Oiarzabal 2026ko abuztuaren 30a

50 bat lagunek gozatu zuten atzo iluntzean Garazi Etxabururen dantza emanaldiarekin, Gariren kantuekin, Michele Abregoren ikus-entzunezkoekin, Mikel Alberdiren poesiarekin edota Karlos Ibarbiaren soinu eta irudi esperimentazioarekin, auzoan gora eta behera, bi ordutik gora iraun zuen ibilaldi artistikoan.

Musika, dantza, ikuskizuna, jan-edana... Kantuak dioen moduan, edozein herritako jaixetan aurki daitezkeen osagaiak dira aipatutakoak, baita Aizpurutxoko sanagustinetan ere. Baina Aizpurutxon azken urteetan osagai horiek emateko aukeratu duten moldeak ez dauka gainerako toki gehienetakoaren antz handirik.

Arte adierazpide desberdinak uztartuta, auzoa beste begi eta belarri batzuekin ikusteko, entzuteko eta sentitzeko proposamena da Azkoitia eta Urretxu-Zumarraga lotzen dituen errepidearen ertzeko auzoan sanagustinetan egiten dutena. Atzo, 50 bat lagunek onartu zuten proposamena, eta 20:00ak pasatxo frontoitik abiatuta, bi ordutik gora ibili ziren auzoko bideetan eta txokoetan gora eta behera, kanposantura iritsi arte, handik frontoira itzuli eta mokadutxoa eginda bukatzeko.

Lamina koartza

Gorka Larrañagak makulu eta guzti eta Andoni Salamerok gidatu zituzten gonbidatuak prozesio laikoan. San Agustin taberna zenaren ondoko zubian egin zuten lehen geldialdia, aurtengo udan ur marmar bereziki apala eskaintzen duen Urola ibaiari so. Ibai ertzeko harri zabal baten gainean kuzkurtuta, lamina bailitzan, zegorn ordurako Garazi Etxaburu, baina Ondarroako dantzariaren emanaldiaz gozatu aurretik, errepidea gurutzatu eta eskola zaharrera jo zuten ibilaldiko partaideek; denboran izoztuta gelditutako espazio hartan, Gorka Salmeronen argazki bat eta Micheke Abregoren ikus-entzunezkoa zituzten zain, garai batean han ematen zituzten ikus-entzunezkoen oihartzun gisara.

Berriro errepidea gurutzatu, eta San Agustin taberna zenaren terrazara jaitsi ziren handik. Azkoitian-eta dantza agarraoa debekatuta zegoen garaiak eta debeku hari muzin egiteko trikimailuak hizpide hartuta aritu zen Salamero, eta ibaiaren beste ertzean harri gainean kuzkurtuta zain jarraitzen zuen Etxabururen emanaldiari bide emateko, eskuak dantzatzera gonbidatu zituen ibilaldikideak. Horrela hasi zen Etxabururen transformazioa: lamina koartza bihurtuta, dantzan hegan egin zuen ondarroarrak, ur ertzetik goiko bidera iritsi arte.

Dantzariaren erakustaldia txalo zaparradarekin eskertu zuten San Agustineko terrazan elkartutakoek, eta ondoren, haren pausoen atzetik, ibaiaren bestaldera itzuli eta behin trenbide izandako bidegorria hartu zuten. Bidegorrirako bidegurutzean eskaini zuen lehen kanta Garik.

Gaua argituz

Gitarra eskuetan, Larrañagarekin eta Salamerorekin batera prozesio laikoaren buruan jarri zen gero Legazpikoa, Urola trenaren Aizpurutxuko geltokia zenaren aurrera iritsi arte.

Han zegoen ordurako Abrego, geltokiaren etxaurrea pantailatzat hartuta, tren zaharraren zein garai bateko herritarren irudiak erakusteko zain. Iluntzen hasita zegoen ordurako, eta antolatzaileek aurreikusitako argiztapena ezin izan zuten erabili azkenean, baina horrek ez zuen eragotzi Gariren bigarren emanaldia (beheko tabernako zerbitzariari agindu zion Amapola kantatu zuen, tartean), ezta Mikel Alberdiren poesia erreziltalditxoa ere.

Geltokira iritsitako bidetik atzera eginda, Aizpurutxo pareko bidegorriko tunel luzeenera jo zuten jarraian ibilaldiko parte hartzaileek, linternekin eta sakelako telefonoen argiekin bidea argituz, kilkerr soinuek lagunduta, ipurtagien gisara. Han zuten zain Karlos Ibarbia, soinuarekin eta irudiekin jolas egiteko prest.

Eta Ibarbiaren emanaldia bukatu orduko, bidegorrian atzera egin eta hilerrirako bidea hartu zuten ibiltariek, udako ilunpe fresko eta gozoan izan zirenei diosala egiteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide