Auzoari akuarela kolorea emanez hasi dute zapatua Aizpurutxon

Mailo Oiarzabal 2026ko abuztuaren 29a

Hamar bat lagun elkartu dira Gerard Cullellek goizean eman duen akuarela tailerrean, eta eskoletako frontoian egun osoan ikusgai dagu auzoko irudiekin osatutako erakusketa. 20:00etan hasiko da jaien azken hitzordua, frontoitik abiatuta egingo duten ibilaldi artistikoa.

San Agustin egunaren biharamunean, gaur dute Aizpurutxon aurtengo festen egun nagusia, eta azkena.

Gerard Cullell marrazkilariak eman duen akuarela tailerrarekin hasi dute eguna. Hamar lagun elkartu dira 11:00etatik 13:00etara eskoletako frontoian, Azkoitikoak, eskualdekoak zein inguruetako herrietakoak. Cullelek berak Aizpurutxoko txoko bati ateratako argazkia oinarri hartuta, lehendabizi marraztu eta ondoren akuarelaz margptu dute ikasle helduek irudia.

Tailerrean egindako lanetako batzuk gehitu dizkiote gero frontoian bertan goizetik ikusgai jarri duten irudi bildumari: Azkoitiko Udal Artxibategiko irudi zaharrak, eta Gorka Larrañagak zein Cullellek berak sortutako marrazkiak jarri dituzte frontoiko ezkerreko horman, eta gaur egun osoan egongo dira hantxe ikusgai.

Iluntzean, ibilaldi artistikoa

Aurtengo jaietako ekitaldi nagusia, berriz, gaur 20:00etan hasiko da, frontoian bertan. Aurten ere, handik abiatuta, musika, soinua, dantza eta irudia uztartuko dituen ibilbidea osatuko dute auzoan zehar; eta arte erakustaldiak ez ezik, geldialdietan jatekoa eta edatekoa ere eskainiko dute.

Andoni Salamero eta Mikel Alberdi (olerkia), Gorka Larrañaga eta Gerard Cullell (pintura), Karlos Ibarbia (soinu paisaia), Michele Abrego (ikus-entzunezkoa), Gorka Salmeron (argazkia), Garazi Etxaburu (dantza garaikidea) eta Gari (zuzeneko musika) dira gaurko ibilaldi artistikoan parte hartuko duten sortzaileak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide