Badu data 2027ko Urolako Trena Maratoiak

Maialen Etxaniz 2026ko abuztuaren 29a

Korrikalariak Azpeitiko Zelai Luzen helmugaratzear, joan den otsailaren 22an, Urolako Trena lehen maratoi erdian. (Julene Frantzesena)

Otsailaren 20an eta 21ean jokatuko da Urolako Trena zenaren bidea hartuko duen lasterketa. Bigarren edizioak Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia zeharkatuko ditu.

Iaz maratoi erdiaren formatuan egin ostean, badator Urolako Trena Maratoia. Antolatzaileek dagoeneko jakinarazi dute zein egunetan jokatuko den Urolako Trena zenaren bidea hartuko duen kirol proba. Hain zuzen, 2027ko edizioa bi egunetan jokatuko da: otsailaren 20an eta 21ean. 

Bigarren edizioak Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia zeharkatuko ditu. Probaren sustatzaileen hitzetan, lasterketak hiru distantzia eskaintzen ditu ibilbide berean, beheranzko norabidean: 7K (Legazpi–Zumarraga), 21K maratoi erdia (Zumarraga–Azpeitia) eta 42K maratoia (Zumarraga–Zumaia). "Tunelak, harrizko zubiak eta tren geltokiak: natura, industria ondarea eta komunitatea bat eginda", diote. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, "laster" irekiko dute izen-ematea Kronoak.eus webgunearen bidez.

2026koa izan zen Urolako Trena lasterketaren aurreneko edizioa. Orduko hartan, sei kirolari keniarrek osatu zituzten Zumarragan hasi eta Azpeitian bukatu zen probako gizonen eta emakumeen podiumak. 750 lasterkarik parte hartu zuten duela 100 urte inauguratu zuten trenaren ibilbidean barrena jokatutako proban. Sailkapen nagusiko aurre aldeko postuetan kokatuta, euskal herritarren artean bigarren izan ziren Imanol Larrañaga azkoitiarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra. Proba bukatuta, balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek.

Hona hemen 2026ko probak utzitakoen bideoa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide