San Agustin eguna da gaur, abuztuaren 28a, Aizpurutxo auzoko zaindariaren eguna. Ohi bezala, hildako auzotarren aldeko meza egingo dute 11:00etan, San Agustin elizan. Horixe izango da gaurko eguneko ekintza bakarra. Dena den, bihar, zapatua, askotariko hitzorduak izango dira Aizpurutxoko zenbait bizilagunek antolatuta.
Batetik, 11:00etatik 13:00etara bitartean, akuarela tailerra egingo dute. Aizpurutxon bizi den Gerard Cullell marrazkilariak gidatuko du saioa, eta parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da urbasokomarmarrak@gmail.com helbidera mezua igorrita. Era berean, Aizpurutxoko irudien erakusketa ere egingo dute eskoletako frontoian; egun osoan zehar izango da erakusketa bisitatzeko aukera. Azkoitiko Udal Artxibategiko irudiak, Gorka Larrañaga artistaren marrazkiak eta Cullell marrazkilariarenak akuarelak nahiz goizean egingo duten akuarela tailerrean sortutakoak jarriko dituzte ikusgai.
Eguneko azken hitzordua 20:00etan egingo dute. Auzoko frontoitik abiatuta, ibilaldia egingo dute Aizpurutxon zehar. Musika, soinua, dantza eta irudia uztartuko dituzte; gainera, janaria eta edaria eskainiko dituzte geldialdietan. Artearekin lotura zuzena izango du ibilaldiak, eta horregatik, hainbat lagunek parte hartuko dute: Andoni Salamero eta Mikel Alberdi (olerkia), Gorka Larrañaga eta Gerard Cullelle (pintura), Karlos Ibarbia (soinu paisaia), Michele Abrego (ikus-entzunezkoa), Gorka Salmeron (argazkia), Garazi Etxaburu (dantza garaikidea) eta Gari (zuzeneko musika).
Hona hemen Aizpurutxoko jaien egitaraua:
Gaur, ostirala
- 11:00. Meza nagusia, San Agustin elizan.
Bihar, zapatua
- 11:00-13:00. Akuarela lantegia. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da.
- 20:00. Ibilaldia auzoan zehar, frontoitik abiatuta. Musika, soinua, dantza, irudia, janaria eta edaria uztartuko dituzte bidean zehar.
- Egunean zehar, Aizpurutxoko irudien erakusketa eskoletako frontoian.