Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren bidez, hilaren 12an Nafarroara joango dira mendizaleak

Ane Olaizola 2026ko abuztuaren 28a

Orreaga mendia.

Maiatzean eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuen irteera egingo du Anaitasunak datorren hilean, eta Orreagatik Orbaizetako fabrikara arteko ibilbidea osatuko dute mendizaleek. Izena eman daiteke dagoeneko. 

Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoa bueltan da Anaitasuna mendi bazkunaren eskutik, eta denboraldi berriari ekiteko, joan zen maiatzean eguraldiagatik bertan behera utzi zuten irteera egingo dute: Orreagatik Orbaizetako fabrikara arteko (Nafarroa) ibilbidea osatuko dute irailaren 12an. 

Egun horretan, beraz, Zangoza aldera joko dute mendizaleek, eta Azkoititik 07:00etan abiatuko dira autobusez, liburutegi ondoko geralekuan elkartuta. Orreagara iristean, 16,5 kilometro eta 650 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea egingo dute, honako inguru hauek zeharkatuz: Orreaga, Urkulu, Azpegi, Mendilatz eta Orbaizetako fabrika. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, bost orduko ibilaldia izango da, eta han bertan bazkalduko dute. Horrenbestez, bakoitzak bere janaria eta edaria eraman beharko ditu. 

Irteeran parte hartzeko izena eman daiteke hilaren 11ra bitartean, aurrez leku guztiak betetzen ez badira. Anaitasunako bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute hara joateko, eta gainontzekoek, 20 euro. Galdetegi honetan eman daiteke izena. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide