Zabalik dira Elkarguneko sormen zein arteterapia lantegietarako eta haurren igeriketa ikastarorako izen emateak

Andoni Elduaien 2026ko abuztuaren 27a

Haur bat igerian.

Arteterapia eta sormen lantegietarako izena irailaren 20a baino lehen eman beharko da, baita haurren igeriketa ikastarorako ere. Lantegien lehen saioak urrian egingo dituzte, eta irailean bertan hasiko dira igeriketakoarekin. 

Datozen hilabeteetan Elkargunean emango dituzten ikastaroen eta tailerren izen emateak zabalik ditu Zubiaurre-Elkarguneak. Batetik, arteterapia eta sormen tailerrenak ditu irekita, eta bestetik, haurren igeriketa ikastaroarena. 

Azkoitiko Gazteria sailak antolatu ditu arteterapia eta Sormenarekin biraka izeneko lantegiak. Bi kasuetan, irailaren 20ra arte izango dute zabalik LH 1 mailatik LH 6 mailara arteko ikasleek izen ematea, eta 68 euro ordaindu beharko dute. Arteterapia lantegiak astearteetan eskainiko dituzte Elkarguneko Teknogunea lantegia gelan; urriaren 6an, 13an, 20an eta 27an, azaroaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, eta abenduaren 1ean, 8an eta 15ean. Saio horiek guztiak 17:15etik 18:45era bitartean gauzatuko dituzte. Dena den, Elkarguneak jakinarazi du lantegia egin ahal izateko gutxieneko taldea osatu beharko dela. Honako lotura honetan eman daiteke ikastaro horretarako izena. 

Sormenarekin biraka lantegia, berriz, asteazkenetan egingo dute Elkarguneko Eskuarte gelan, 17:15etik 18:45era. Urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, azaroaren 4an, 11n, 18an, eta 25ean, eta abenduaren 2an, 9an eta 16an izango dira saioak. Ikastaro honetarako ere gutxieneko taldea osatu beharko da, eta horretarako, honako lotura honetan eman beharko da izena. 

Haur igeriketa ikastaroak, bestalde, irailaren 21ean hasiko dira eta abenduaren 18an amaitu. Elkarguneak azaldu duenez, ikastaroak 17:30etik 19:00etara bitartean eskainiko dituzte, baina saioak ordu erdikoak izango dira. Gainera, nabarmendu dute mailak eta ordutegiak izena emandakoen eskaeren arabera antolatuko dituztela; izan ere, igerilari bakoitzak duen gaitasunaren arabera, lau mailatan bereiziko dituzte izena emandako herritarrak. Honako lotura honetan eman beharko da haurren igeriketa ikastarorako izena. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide