Etzi, astelehena, odol ateraldiak egingo dituzte, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Abuztuaren 3ko odol ateraldien ondotik, hil honetako bigarren hitzordua izango da astelehenekoa; arratsaldez egingo dituzte ateraldiak, 16:30etik 20:30era bitartean.
Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak hasita daude herritarrei astelehenerako hitzorduak ematen. Odola ematen hasi nahi dutenek edo odol ateraldien funtzionamendua zein den hobeto ezagutu nahi dutenek, berriz, 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute. Osakidetzak odola emateko eskatu die herritarrei, zenbait odol motaren erreserbak maila baxuan baitaude.
Abuztuko lehen astelehenean egin zituzten Azkoitian azken odol ateraldiak, eta orduko hartan 87 odol poltsa bildu zituzten Azkoitiko Odol Emaileen Elkartekoek. Etziko hitzorduaren ondoren, irailaren 21ean izango dira hurrengo ateraldiak, eta orduan goizez nahiz arratsaldez arituko dira herritarren ekarpena jasotzen. Ohi bezala, 09:30etik 13:00etara edo 16:30etik 20:30era izango dute herritarrek odola emateko aukera.