Tomas Soraluze 'Epelde' trikitilaria hil da

Erredakzioa 2026ko abuztuaren 22a

Tomas Soraluze 'Epelde', trikitilaria. (Andoni Elduaien)

Martirietako trikitilari ezaguna gaur hil da, 81 urte zituela. Aitaren eskutik, 7 urterekin hartu zuen Epeldek aurrenekoz soinu txikia, eta hari hauspoa ematen bere kasa ikasi bazuen ere, ibilbide oparoa osatu du. 

Tomas Soraluze Epelde (Azkoitia, 1945) trikitilaria hil da gaur, larunbata, 81 urte zituela. Martirietako Epelde-Goikoa baserrian jaioa, hainbat urte eman ditu trikitiari lotuta, eta plazaz plaza aritu izan da soinu txikiarekin giroa alaitzen.

Epelde familia beti izan da trikitiari lotutakoa, eta hark aitarengandik jaso zuen trikitia jotzeko afizioa: "Aitak bere soinua zuen etxean, eta anaia zaharra hasi zen jotzen gurean lehendabizi. Gero ni hasi nintzen haren atzetik, 7 bat urterekin, soinuari eusteko lain nintzela. Etxean soinua zegoelako hasi nintzen jotzen", gogoratu zuen 2018an Maxixatzen aldizkariari emandako elkarrizketan.   

Trikitilaria autodidakta izan zen, eta Laja zenarekin batera, bide oparoa egin zuen trikitiaren munduan, Sakabik eta Egañazpik hasitako bidea gazteengana eramateko. Belaunaldi berriei trikitiaren tradizioa transmititzeko egin duen lanagatik, oso estimatua izan da Epelde trikitiaren munduan.   

Euskal Herri guztian zehar ibili zen Epelde soinu txikiarekin erromeriaz erromeria; gutxi izango dira hark zapaldu gabeko plazak. Hainbat pandero jotzaile izan ditu ondoan; besteak beste, Luziano anaia, Egurrola, Landakanda, Iturbide, Berastegi, Larrañaga eta Lutxurdio. Euskal Herriko Trikiti Txapelketan ere parte hartu zuen behin baino gehiagotan, eta 1972. urtean txapela jantzi zuen Donostiako Trinitate plazan, Luziano anaiarekin.   

Diskogintzan ere murgildu zen Epelde, eta hainbat kaleratu zituen; esaterako, Iturbiderekin bat, eta Larrañagarekin, hiru. Azken horrekin bikotea osatuta aritu zen urte askoan, eta, besteak beste, Euskal Herrian ezaguna bilakatu zen haiek osatutako Kupela kanta. Diskoez gain, ordea, irratietan ere zenbait grabazio egindakoa da Epelde, hala nola Loiolako Herri Irratian eta Arrate irratian.  

Bere ibilbideari aitortza egiteko, omenaldi ugari jaso zituen trikitilari azkoitiarrak, besteak beste, Azkoitian, Oñatin eta Aizarnazabalen. Azken omenaldia duela lau urte, 2022ko San Jose trikiti jaialdian, jaso zuen Epeldek. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak omendu zuen Martirietako trikitilaria, eta ekitaldiaren atarian hedabide honek elkarrizketa egin zion, bideoz. Hemen ikus daiteke.   

Urte batzuk igaro dira plazaz plaza ibiltzeari utzi zionetik, baina azken egunetara arte jarraitu du familiartean soinu txikiari bere-berea zuen hauspoa ateratzen. Martxoaren 16an bete zituen 81 urte Epeldek, eta trikiti pieza ugari jo zituen egun hartan senideez inguratuta.

Haren aldeko hileta elizkizuna asteartean, hilak 25, Azkoitiko Andre Maria Jasokundeko parrokian izango da, 19:00etan. Hilbeila Azkoitiko Carmona tanatorioan egongo da astelehenean, 16:00etatik 20:00etara, eta asteartean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik hileta ordura arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide