Andremarietako Kuadrillen Eguna da gaur, festetako azken eguna, eta eguerdirako kalean nabaria zen gisara, denak ematera atera dira azkoitiarrak. Plazako herri bazkari jendetsua bukatu ostean, arratsaldea pasatzeko hainbat aukera izan dituzte eskura. Batzuek zuzenean tabernetarako bidea hartu duten arren, asko izan dira Skapaie elektrotxarangarekin kalez kale ibiltzeko hautua egin dutenak, eta ez dira damutu; pare bat orduko saioa egin dute hara eta hona, jo eta su, abesti ezagunak abestuz eta dantzatuz.
Bitartean, umeek Balda plazan izan dute eurei zuzendutako arratsaldeko jarduera: apar festa. Hainbat izan dira bainujantzia soinean apar artean igerian ibiltzera animatu direnak, eta aurpegietan antzematen zitzaien ederki pasatzen ari zirela.
Ondoren, Plazaberrira jo dute askok eta askok, eta zezenaren aitzakian, hura bihurtu da herritarren bilgune nagusi hurrengo ordu eta erdi inguruan. Gehien-gehienak hesiaren atzean egon dira, zezenaren aurrean jartzera ausartu diren gutxi batzuen balentriei begira batzuk, zezenari jaramon handirik egin gabe lagunekin berriketan beste batzuk.
Artean zezenak bukatu gabe zirela, UK03 txarangak eguneko bigarren saioari ekin dio Kale Nagusian, eta lehen notak entzun orduko hasi da jendea taldearengana inguratzen, berriz ere kalez kale hasteko pronto. Nola ez, giro ederrean egin dute kalejira.
Arratsalde partekoak bukatuta, azken hondarrera iristen ari dira aurtengo andremariak. Baina egunari gelditzen zaizkion orduei ahalik eta zukurik gehien ateratzen saiatuko dira kalean dabiltzan azkoitiarrak, eta festetako egitarauak jasotzen dituen azken ekitaldiak lagungarri izan ditzakete horretarako. Plazan, Txapela Brava taldearen kontzertua izango da 21:30ean hasita, eta ondoren, udalaren egitarauko azken jarduera gisa, suzko zezena aterako dute han bertan. Txosnagunean, aldiz, gehiago luzatuko dituzte festak. 21:30ean hasita, Lukiek taldeak kontzertua emango du; gauerdia jotakoan, Aibofobia izango da musika jarriko duena; eta 01:00etik aurrera, playlist irekia jarriko dute herritarrek gustuko kantuak eska ditzaten.
Hona hemen datozen orduetako egitaraua:
- 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
- Ondoren, suzko zezena ikuskizuna, herriko plazan.
- 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
- 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
- 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.