Kuadrillek kolorez jantzi dute herria

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 18a

Andremarietako azken eguna da gaur Azkoitian, Kuadrillen Eguna, eta alkandora koloretsuek jantzi dituzte kaleak goizetik. Txarangarekin batera, pixkanaka joan dira kuadrillak festa giroan murgiltzen, eta bazkaltzeko elkartu dira denak plazan. Datozen orduetarako ere egitarau oparoa dute aukeran.

Aurtengo Andremariak azkenera iristen ari dira, eta herritarrak gogotik gozatzen ari dira festetako azken eguna. Hain zuzen, Kuadrillen Eguna ospatzen ari dira gaur herrian, eta kamiseta eta alkandora koloretsuek jantzi dituzte kaleak. 

Parrandarako eguna izan arren sano hasi dute eguna, Balda Plazan eskaini duten atletismo erakustaldiarekin. Ordurako alkandora deigarriak soinean zituztela herritarrak pixkanaka kalera ateratzen hasi dira eta festa giroan murgildu dira, UK03 txaranga lagun zutela.

Kontzejupean, bitartean, hainbat herritarrek eta udal ordezkarik eguerdian plazan jateko paella prestatu dute. Gero, 14:30 aldera hasi dira kuadrillak plazara gerturatzen eta plaza beteta bazkaldu dute denek. 

Andremarietako azken eguna izanik, etxerako presarik gabe ibiliko dira gaur herritar asko, eta izango dute zertaz gozaturik datozen orduetan ere. Hona hemen festak amaitu arteko egitaraua:

  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena ikuskizuna, herriko plazan.
  • 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
  • 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide