Baserritarren Eguna da gaur, festetako azken aurreko eguna, eta ekitaldiz jositako goizaren ondotik, halakoxea izan da arratsaldea ere. Adin eta gustu guztietara egokitutako jarduerak eta ekitaldiak izan dira herrian barrean sakabanatuta; kalean ibili denak, beraz, izan du entretenigarririk.
Gaztaneneako jolastoki estalian, goiz partean hasitako jarduerarekin jarraitu ahal izan dute umeek; hain zuzen ere, Bizijolas jolasekin. Trenbidearen Zumardian muntatu duten zezen plaza eramangarrian, berriz, zezen txikiekin eta poniekin ibiltzeko aukera izan dute gaztetxoek, eta jendetza bertaratu da hara arratsalde pasa.
Txosnagunean, aldiz, musean igaro dute arratsaldea. Aipatzekoa da urtetik urtera geroz eta arrakasta handiagoa izaten ari dela Azkoitiko Gazte Asanbladak antolatzen duen mus txapelketa. Gaurkoan, adibidez, 40 bikotek parte hartu dute, jokorako prestatuta zituzten bi mahai luzeak bete-bete eginda.
Balda plazan, urtero bezala, helduen dantza suelto txapelketa jokatu dute, dozenaka herritarren begiradapean. Zazpi bikotek parte hartu dute, eta Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrek irabazi dute lehia. Bigarren saria Lizartzatik (Gipuzkoa) eta Sopelatik (Bizkaia) etorri diren Onditz Esnaolak eta Gorka Granadok etxeratu dute, eta hirugarrena, Nora Aizpuru eta Iker Zabala azpeitiarrek.
Dantzariak Balda plazan lanak bukatzen ari zirela, Pontx pailazoak ekin dio saioari, baina hark herriko plazako oholtzan. Dozenaka izan dira haren emanaldia bertatik bertara ikustera joan diren umeak eta gurasoak.
Arratsaldeko azken ekitaldia, Inazio Iriarte kale pintura lehiaketaren 43. edizioaren sari banaketa izan da, Portaleburu erakusketa aretoan. Ohi bezala, Juan Bautista Mendizabalek egin ditu ekitaldiko aurkezle lanak. Gustura azaldu da parte hartzearekin. 24 lagunek izena eman dutela esan du, eta kopuru polita dela hori, kontuan izanda azkenaldian horrelako lehiaketetan ez dabilela jende asko. Gainera, parte hartzaileen jatorria nabarmendu du, haietako batzuk kilometro asko eginda iritsi direlako Azkoitira.
Lehenengo saria Granadako (Espainia) Adrian Marmolejok irabazi du; bigarren saria Artziniegako (Araba) Fernando Uretarentzat izan da; eta hirugarrena, Mungiako (Bizkaia) Carlos Uriagerekarentzat. Epaimahaiko kideak Xebas Larrañaga, Gorka Larrañaga, Udane Juaristi, Valentin Manterola, Sonia Vazquez eta Iraitz Otaño izan dira. Gaur sortutako margolanekin osatutako erakusketa irailean jarriko dute ikusgai Portaleburu aretoan bertan, eta lan horiek erosteko aukera ere egongo da, bakoitzagatik gehienez 500 euro ordainduta.
Baserritarren Eguneko egitarauarekin bukatzeko, 22:00etan hasita, erromeria izango da Enaitz eta Erkizia bikotearekin, Balda plazan. 23:00etan, suzko zezena aterako dute han bertan; eta haren ostean, erromeriak jarraituko du.
Biharkoa izango da aurtengo andremarietako azken eguna, Kuadrillen Eguna hain justu. Hona hemen datozen orduetako eta biharko egitaraua, oso-osorik:
Gaur, astelehena Baserritaren Eguna
- 22:00. Enaitz eta Erkizia bikotearen erromeria, Balda plazan.
- 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
- Ondoren, erromeriak jarraituko du.
Bihar, asteartea, Kuadrillen Eguna
- 11:00. Kaleko atletismo erakustaldia.
- 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
- 17:30. Apar festa, Balda plazan.
- 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
- 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
- 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
- Ondoren, suzko zezena ikuskziuna, herriko plazan.
- 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
- 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
- 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.