Atzo arratsaldean Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdietako partida jokatu zuten Realaren eta Eibarren lehen taldeek Txerloia futbol zelaian. Norgehiagoka hasi eta gutxira, zortzigarren minutuan, markagailuan aurretik jarri ziren armaginak, Carmenek egindako gol batekin. Handik bost minutura, baina, berdinketaren gola sartu zuen Ainhoa Marinek. Bigarren zatian txuri-urdinak zelaian nagusi izan ziren arren, bi taldeak bana berdinduta iritsi ziren 90. minutura, eta penaltietan erabaki zuten partida. Lau sartu zituen Realak, bakarra Eibarrek; horrenbestez, Realak eskuratu zuen Euskal Herria Kopako finala jokatzeko txartela.
Donostiako taldeak Athleticen kontra neurtu beharko ditu indarrak abuztuaren 19an Irungo (Gipuzkoa) Gal estadioan jokatuko duten final handian. Izan ere, Bizkaiko taldeak irabazi zuen finalerdietako beste partida, herenegun, Alavesi 3-0 irabazita.
Atzo arratsaldeko partidak ikus-mina sortu zuen herritarren artean, eta ordu berean kalean festetako ekitaldi bat baino gehiago gauzatzen ari ziren arren, bete egin ziren Txerloiako harmailak. Lehiari ekin aurretik, gainera, aitortza egin zioten Maider Zinkunegi azkoitiarrari, Anaitasunaren bueltan eta futbolaren alde orain artean egin duen lan guztiagatik. Berak atera zuen ohorezko sakea ere.
(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Azkoitiko Udala)